Ia 100 jarduerek osatuko dute Durangoko udako eskaintza kulturala

Aritz Maldonado 2020ko eka. 23a, 12:26

'Durango kulturaz blai!' jaialdia aurkeztu dute gaur. Uztailean hasi eta irailaren 5era arte luzatuko da jaialdia, eta 38 emanaldik eta 59 ekimenek osatzen dute egitaraua.

Antzerkia, musika, zirkoa, bertso saioak, eta "boluda bingoa" egingo dira, besteak beste. Guztira, 38 emanaldi egongo dira: hamalau kontzertu, hamar antzezlan, bost zirko pieza, hiru dantza emanaldi, bi bertso saio eta Boluda bingoko lau saio. "Egitarauean denetarik sartzen saiatu gara. Kanpoko konpainiak ekartzeaz gainera, bertako kulturgileak ere kontutan hartzea gura izan dugu" azaldu du Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko teknikariak. Besteak beste, Ekuru musika taldeak diskoa aurkeztuko du, eta Markeliñe eta Ganso&Cia konpainiek Psike eta Panoli kabareta ikuskizunak estreinatuko dituzte, hurrenez hurren. Plateruenako Ihintza Orbegozok emakumezkoen presentzia nabarmendu gura izan du, baita ere. "Africa, Sara Zozaya, Las XL edota Olatz Salvador egongo dira gurean, besteak beste". 

Bestalde, 59 tailer eskainiko dira. Durangoko Museoak, Bizenta Mogel bibliotekak, eta Inmigrazio Zerbitzuak eta Denboraren Bankuak, elkarlanean, proposatu dituzte. "Museoa edota biblioteka espazio itxiak direla dioten usteekin apurtu gura dugu, eta gure jarduera kalera aterako dugu beste behin horretarako" azaldu du Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia museoko zuzendariak.

Segurtasun neurri bereziak

Emanaldiak doakoak izango dira, eta segurtasun neurriak "zorrotz" betearaziko dituztela adierazi dute prentsaurrekoan. 250 pertsonentzako emanaldiak izango dira, eta parte hartzaileek jesarrita egon beharko dute uneoro. Uztaileko ekitaldiak Landako eta Kurutziaga ikastetxeetako patioetan, eta Plateruenako terrazan izango dira. 

"Kulturaren aldeko apustu sendoa"

Mimoz eginiko prentsaurreko jendetsuan Durangoko hainbat artistek hartu dute berba, eta esker oneko agertu dira antolatzaileekiko. Gorka Ganso eta Cecilia Paganini arduratu dira ekitaldia girotzeaz. Aurreko urteetako aurrekontua ia laukoiztu egin dute aurtengo udako kultur egitaraurako; 95.000 euroko aurrekontua du 'Uda Kulturaz Blai!' jaialdiaren aurtengo edizioak. "Covid-19ak sortutako krisi hau erronka bezala ulertu dugu Durangoko Udalean, eta garrantzitsua iruditu zaigu baldintza hauetan durangar guztiei aisialdia eta kultura jarduera desberdinak eskaini ahal izatea. Kulturaren aldeko apustu sendoa egin dugu uda honetarako, eta emaitza begibistakoa da" adierazi du Ima Garrastatxu alkateak. Julian Rios alkateordeak udalak aurkezturiko Berraktibazio Planaren baitan kokatu du udarako egitarau berezia. "Kulturgintzan ere arazo ugari sortu ditu Covid-19ak, eta horri laguntzen saiatuko gara Durangoko Udaletik, izan ere, kulturarik gabe ez dago Durangorik". Ainhoa Ortueta eta Jessica Ruiz ere egon dira aurkezpenean, EAJren eta PSEren udal taldeen ordezkari lez.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!