Zelan lortu du arkitektura estudio txiki batek hain proiektu handiaren kargu egitea?
Hedadura handiko proiektua zenez, G&C estudioarekin batera, taldean aurkeztu ginen lehiaketara. Lantalde egoki bat osatzea funtsezkoa da holako proiektu batean.
Lehiaketa publikoa irabazi zenutela jakin zenuten unea zelakoa izan zen?
Poz handiko unea izan zen! Saltoka hasi ginen gure estudioan. Sorpresa handia hartu genuen, normalean horrelako egitasmo erraldoiak marka handiek eramaten dituztelako. Hori da errealitatea. Egitasmo hau Norman Foster-en edo antzeko arkitekto handiren baten ardurapean egon balitz, inor ez zen harrituko. Gu enpresa txiki bat gara, eta, normalean, beste eskala batzuetan mugitzen gara. Baina, hala ere, inguruko arkitektura-estudio bat erronka handiei aurre egiteko gai dela erakutsi dugu. Eta, aldi berean, kapaz gara XV. mendeko baserri bat patxadaz eraberritzeko eta bestelako proiektu motak gauzatzeko.
Zentro berriko diseinuari erreparatuta, panel fotoboltaiko asko ikusi daitezke eraikinaren gainaldean. Zenbat daude eta zenbat energia sortu dezakete?
Ez daude gainaldean bakarrik, baita lateraletan ere, hegoaldera begira. Panelen bitartez sortzen den energia eraikinaren kontsumoaren %30 estaltzeko adinakoa da, teorian. Estimazio bat da. Izan ere, ikerketarako makinariak behar duen energia kantitateak eragina izango du kontsumoan.
Iraunkortasunaren ikuspegitik, zer beste teknologia txertatu duzue?
Esaterako, kanpoko airea baliatuta, aerotermia energia sistema berriztagarria erabiliko da eraikinaren barrualdea berotzeko eta hozteko. Honela funtzionatzen du: sistemak refrigerante bat du barruan eta bere ezaugarri bat da tenperatura edo presio aldaketekin, gas edo likido bihurtzen dela, bere tenperatura igoz edo jaitsiz.Aldaketa horiek erabiltzen dira inguruan dagoen haizea berotzeko edo hozteko. Gaur egun, oso ohiko teknologia da eta etxebizitza berririk gehienetan dago txertatuta.
Eraikinak beirate handiak ditu. Eguzkiaren argia ahalik eta gehien aprobetxatzeko da?
Argi naturala ahalik eta gehien erabiltzea asko zaindu dugun kontua da. Beraz, beirate handiak ditu, bai, baina, aldi berean, baita hegal handiak ere, batez ere gaineko aldean. Hegal mugikorrak dira eta eguzkiaren unean uneko kokapenera egokitu daitezke. Sistema horrek eguzkitik heltzen den argi kantitatea kontrolatzea ahalbidetzen du. Izan ere, argi gehiegi sartzen bada barrualdea asko berotu daiteke eta horrek aire egokitua topera jartzea eragingo du. Horrela, energia gehiago kontsumituko da.
Zer irizpide hartu duzue kontuan eraikinaren forma diseinatzerako orduan?
Lehiaketan zehaztutako eskakizunak dira abiapuntua. Horrek muga batzuk ezartzen ditu. Pieza horiek denak koktelera batean sartuta, geometria posible bat sortzen da. Ondoren, apurka-apurka, egitura moldatzen eta zizelkatzen joan gara, izaera propio bat emateko. Gure arkitektura oso arrazionala da, ez gara oso estranbotikoak formetan, eta funtzionalitatea lehenesten dugu.
Zelan antolatu duzue barrualdeko espazioa?
Sarrera nagusiari garrantzi handia eman diogu eta bere balioa nabarmentzen ahalegindu gara, azken batean hara doazenek lehenengo ikusiko duten gunea izango delako; azpiegitura osoaren aurkezpen moduko bat da. Ondoren, besteak beste, arlo administratiboari lotutako bulegoak joango dira. Beste gune batean, ikerketarako laborategiak eta eurei lotutako bulegoak egongo dira. Azkenik, hangar edo nabe handi bat dago, industriaren ikerketari eta garapenari lotutako probak egiteko erabiliko dena.
Abentura honetatik, zer ikasgai atera duzue?
Oso garrantzitsua dela lantaldea ondo aukeratzea. Horixe izan da ikasgairik inportanteena. Asko ikasten da elkarlanean arituta.
Trantsizio energetikoaren aroan bizi gara. Zuei ere etengabe eraberritzea eskatzen dizue horrek?
Bai. Formakuntzak ez du etenik. Derrigorrezkoa da eremu horretan lehenengo lerroan egotea. Legeria berria zorrotza da eremu horretan. Berdin da azpiegitura erraldoi bat edo etxebizitza txiki bat izan; eraikin guztiek kalifikazio energetiko oso ona izatea geroago eta normalizatuago dago.
(Abanton egingo duten azpiegitura berriaren infografia. Argazkia: Floren Loizaga)