“Jolas hau umeek berdintasuna modu ludikoan barneratzeko era bat da”

Aitziber Basauri 2020ko eka. 21a, 12:21

Marina Azkarraga eta Yaiza Garcia Marketin eta Publizitate ikasleak dira Bilboko Harrobia lanbide heziketa ikastetxean. BerdinGO! mahai-jolasa sortu eta merkaturatu dute. 8 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago. Euskaraz eta ingelesez jolasteko prestatu dute, eta sare sozialen bitartez edo sortutako webgunean lortu daiteke: www.berdingo.eus.

Berdintasuna lantzeko mahai-jolasa sortu duzue. Zelan jaio zen ideia?
Marina Azkarraga: Ikastolan ETHAZI metodologiagaz lan egiten dugu, erronken bitartez, eta balioetan oinarrituriko mahai-jolas bat sortzea izan zen erronka horietariko bat. UNESCOk kaleratutako balioen zerrendari begiratuta, berdintasuna aukeratu genuen, oso baliogarria iruditu zitzaigulako.

Zein izan da zuen helburua?
M.A.:
Ofizioetan berdintasuna bultzatzea, eta umeek ikustea gura dutena izan daitezkeela, suhiltzailea edo medikua, neska ala mutila izan. Inklusibitatea ere landu dugu pertsona askoren irudiak ipinita.

Prozesu luzea izan da?
Yaiza Garcia:
Kurtso hasieran, irailean, bota ziguten erronka. Merkatua apur bat ikertu, eta Urtxintxa elkarteagaz hartu-emanetan ipini ginen. Euren bitartez mahai-jolasak zelan sortzen diren ikasi genuen, jolasen prozesua, jolas motak... Merkatuko mahai-jolasak probatzen jarraitu genuen, eta gero diseinua lantzen hasi ginen. Prototipoa sortuta, eskola batera joan ginen probatzera.

Prozesu osoa izan duzue eskuetan. Aberasgarria izan da?
Y.G.: Bai, noski! Oso aberasgarria.  Estres handiko uneak bizi izan ditugun arren, oso pozik gaude prozesu guztiagaz. Eta umeei gustatu zaie. Horixe genuen helburu: gustuko izatea, berdintasuna barneratzea eta gura duten lanbidea lortzea.

Zer egin zaizue gatxena?
M.A.:
Lehenengo, ideia zehaztea. Jolas entretenigarria topatu behar genuen, umeak jolastera bultzatuko zituena. Gero, diseinua ere bai.
Y.G.: Ikusi genuen umeek lanbideak interpretatzeko zailtasunak zituztela. Euren ikuspegira moldatu genuen.

Zergaitik aukeratu zenuten berdintasuna eta ez beste balioren bat?
M.A.:
Generoari oso lotuta dauden ofizioak daude eta hori aldatu egin behar da, txikienetatik hasita. Genero arrakalarik nabarmenena duten ofizioak aukeratu ditugu: futbolaria eta garbitzailea, adibidez.
Y.G.: Eskolan ere asko lantzen dute berdintasuna eta baliabide erabilgarria izan daiteke. Umeek parekidetasuna modu ludikoan barneratzeko era bat da.

Pozik zaudete jolasaren harreragaz?
M.A.: Bai. Eskolako erronka batetik abiatu ginen, eta Bilboko zenbait eskolatara joan ginenean oso harrera ona izan zuen jolasak. Irakasle batzuek ere erosi zuten, eskolarako eta seme-alabekin jolasteko. Horrek aurrera egitera animatu gintuen. 
Y.G: Oso positiboa da izan duen harrera. Harrituta ere bagaude.

Jolas bitan aritzeko aukera dago.
Y.G.:
Bingoa eta bikote jolasa. Lehenengoa talde handitan jolasteko prestatuta dago. Beste edozein bingoren antzera jolasten da: kartoietan ofizioetako langileen irudiak egongo dira batetik. Bestetik, beste jokalari batek ofizio horiei dagozkien objektuak edukiko ditu poltsatxo batean. Bikote jolasa, talde txikitan egiteko pentsatuta dago, eta bizkortasuna lantzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!