'Berbak handiak, ezkurrak txikiak'; Durangoko EAJk adiera horrekin baloratu du gobernu taldearen lehen aginte-urtea

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 12a, 13:30

Legegintzaldia hasi zenetik ia urtebete pasa dela eta, Durangoko EAJk udal gobernu taldearen kudeaketa baloratu du. Euren esanetan, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak ez dituzte hartutako konpromisoak bete. "Kudeaketan zailtasunak sor daitezke. Horren jakitun gara, baina zailtasun horiei aurre egiten jakin behar da", diote.

Legegintzaldia hasi zenetik urte bat beteko da egun gutxi barru. Jeltzaleek, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak duela 12 hilabete hasitako kudeaketaren balantzea egin dute gaur. "Berbak handiak, ezkurrak txikiak" adiera erabilita laburbildu dute orain arteko kudeaketa. "EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak oso itxaropen altuak sortu zituzten durangarren artean, aurreko hauteskunde kanpainan sortutako plataformek elikatuta. Errealitatean, aurreikuspenak zapuztu egin dira, lehen 6 hilabeteetarako hartutako 15 konpromisoak ez dituztelako bete eta Durangorako gai estrategikoetan jarduten hasi ez direlako", azaldu du Mireia Elkoroiribe bozeramaileak.

Besteak beste, honako hauek aurkeztu dituzte bete bako konpromiso modura: trenbidearen lurren kontsultari buruzko berririk ez izatea, Landako Erakustazokako 24 orduko aparkalekua martxan ez egotea, 24 orduko pediatriari buruzko berrikuntzarik ez egotea, Merkatu plaza biziberritzeko proiekturik ez izatea edota airearen kalitatea aztertzeko fororik ez sortzea. "Ez dituzte konpromisoak betetzen eta ez dute azalpenik ematen", kritikatu dute. Udal gobernu taldeari dei egin dio "konpromisoak betetzen hastera".

Durango Bizia edo Durango Suspertzeko Planari buruz

Koronabirusaren ondorioei aurre egiteko 'Durango Bizia' plana ere mintzagai izan du EAJk. Azaldu dutenez, planaren inguruko diru-kopuru orokorrak baino ez dakizkite, eta "xehetasunak ezagutu barik" jarraitzen dute. "Kaleratzen ari diren dekretuengatik bakarrik dakigu mugimenduren batzuk ematen ari direla diru-partidetan, baina ez dago ezer zehatzik", esan dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!