Ekainaren 15ean irekiko dituzte Tabirako igerilekuak

Maialen Zuazubiskar 2020ko eka. 11a, 15:51

Igerilekuan sartzeko bi txanda egongo dira. Goizekoa 9:00etatik 14:30era eta arratsaldekoa 15:30etik 21:00etara. Udalak azaldu duenez, eguerdiko ordubeteko tartea igerilekua desinfektatzeko baliatuko dute

Datozen egunotan igerileku denboraldiari hasiera emango diote Durangaldean. Durangon ekainaren 15ean irekiko dituzte Tabirako igerilekuak. Udalak jakitera eman duenez, igerilekuak 1.000 pertsonako aforoa izango du eta bi txanda egongo dira: goizekoa eta arratsaldekoa. Udalak azaldu duenez, eguerdiko ordubeteko tartea igerilekua desinfektatzeko baliatuko dute.

Bestalde, internet bidezko erreserba sistema bat ere martxan jarriko dutela jakinarazi dute. Sistema hori abonatuek soilik erabili ahalko dute, eta erreserba egiterakoan zein txandatan joango diren zehaztu beharko dute. 60 urtetik gorakoek telefonoz egin ahal izango dute erreserba (946215032).

Joaten diren erabiltzaileen izena apuntatuko dute eta joaten ez diren abonatuei abisu bat jakinaraziko zaie. Bigarrenez gertatuko balitz, ezin izango dute erreserbarik egin hurrengo bi egunetan. Egindako erreserba atzera bota ahalko da, modu automatikoan edo beste kanal batzuen bitartez (whatsap/emaila) erreserba egiteko epea bukatu baino ordu eta erdi bat aurretik (goizez 7:30 eta arratsaldez 14:00).

Horrez gain, beste hainbat neurri hartuko dituzte:

  • Aldagelak erabili ahal izango dira, baina dutxak ez.
  • Kantxa ezingo da erabili.
  • Hamaka zerbitzua ez da emango.
  • Tabiran hamakak gordetzeko zerbitzua ez da egongo. 
  • Takillak alokatzeko zerbitzua egongo da (denboraldikoa/hilekoa/astekoa)
  • Bibliopiszina zerbitzua ez da egongo.
  • Bibliopiszinaren lekua tabernari utziko zaio. 
  • Txintxaunak ezin dira erabili.
  • Norberak bere aulkia eraman dezake. 
  • Iturria ezin da erabili.
  • Berdegunean tokia hartu arte maskara erabili behar da.
  • Megafonian Covid mezuak emango dira. 
  • Erabiltzaileei gida emango zaie. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!