Landako I kiroldegiko erabiltzaileek zein neurri bete beharko dituzte bihartik aurrera?

Anboto 2020ko eka. 7a, 13:12

Hainbat jarduera martxan jarriko dituzte bihartik (ekainak 8) aurrera. Erabiltzaileek hiru metroko distantzia mantendu beharko dute eta plaza erreserbatu egin beharko dute.

Covid-19ak eragindako egoeraren ondoren, Durangoko Udalak Landako I kiroldegia irekiko du astelehenean (ekainak 8). 

Prebentziorako protokolo zorrotzak jarraituz, Durango Kirolak-eko bazkideak kirol instalazioetara itzuli ahalko dira ekainaren 8tik aurrera. Hartutako neurrien artean, besteak beste, erabiltzaileen artean 3 metrotik gorako distantzia mantenduko da jarduera guztietan.

“Gure kezka nagusia inguru osoko osasuna da oraindik ere, eta zirkunstantzia bereziek hala eskatzen dutenez, COVID-19ren prebentziorako protokolo bat jarri dugu martxan, Osasun Agintaritzaren jarraibideei jarraituz. Horregatik, instalazioak pixkanaka irekitzea erabaki da, gero eta kontrol handiagoa izan dezagun”, adierazi dute Durango Kirolak-eko arduradunek.

Landako I-ean emango diren jarduerak hurrengoak dira:

  • GAP
  • Global Fitness
  • Hipopresiboak
  • Padel
  • Pilates
  • Spinbike
  • Stretching
  • Yoga
  • Zunba
  • Multijarduera

Segurtasun neurriei dagokienez, hurrengoak hartu dira:

  • Jardueretan parte hartzeko, plaza erreserbatu egin behar da (pilaketarik egon ez dadin). 

ERRESERBA NOLA EGIN: TG aplikazioaren bidez (mugikorrean Trainingym App-a deskargatu, erregistratu eta ARDUERAK/ERRESERBATU atalean nahi duzun jardueran erreserba egin). Erreserba egin ondoren, jarduerara joaten ez denak ezingo du bi egunetan berriro erreserbatu.

  • Jarduera gunera sartu arte maskara jarrita joan behar da.
  •  Sarreran tenperatura hartuko dute eta sukarra duenak ezin izango da instalaziora sartu. Pertsona horri check-in egiteko orduan ez zaio kontuan hartuko eta ez du santziorik jasoko.
  • Sarreran mobilaren bitartez, erreserba baieztatuko dute. Mugikorrean, TG aplikazioan QR kodea erakutsi beharko dute erabiltzaileek.
  • Pertsonen arteko distantzia errespetatzea ahalbidetzeko, sarrerak eta irteerak leku desberdinetatik egiten saiatuko dira. Horretarako sarrerak eta irteerak markatuta  egongo dira. Era berean, zenbait jardueren ordutegiak moldatu dituzte, sarrerak eta irteerak errazteko.
  • Ez da aldagelarik egongo, etxetik aldatuta etorri beharko da.
  • Toalla handia (hondartzakoa) ekarri behar da (lurrean jartzeko). Spin Bike-eko kasuan, bi toalla ekarri behar dira (bat bizikleta estaltzeko eta bestea izerdia garbitzeko).

       Toallak ekartzen ez dituenak ezingo du jarduerarik egin.

  • Ur botila ekartzea gomendatzen da.
  • Sarreran eta areto guztietan eskuak garbitzeko guneak egongo dira.
  • Motxilak uzteko lekuak antolatu dituzte, distantzia nahikoagaz, pilaketarik egon ez dadin.
  • Jarduerak egiteko aretoak aldatu edo berrantolatu dituzte (handienak erabiliz) kupoa mantendu eta erabiltzaile bakoitzak duen eremua handitzeko (3x3m gutxienez). 
  • Hasiera batean jarduerak material gabe edo ahalik eta material gutxienarekin egingo dira. Materiala segurtasunez erabili eta garbitu ahal bada, saioetan sartzen joango dira.
  • Saio bakoitzaren ondoren, aretoak eta erabilitako materiala garbituko dute.
  • Komunak irekita egongo dira, baina beharrezkoa ez bada, ez erabiltzea gomendatzen dute. Egunean 6 aldiz garbituko dira.
  • Saioa bukatzean, irteera 5 minututan egin behar da, begiraleak adierazitako lekuetatik. Kasu gehienetan ezohiko irteeratik egingo da, beste erabiltzaileekin topo ez egiteko.

Lehen egunetan, jarduera bakoitzaren gehieneko edukiera txikiagoa izango da, segurtasun-neurri berriak hobeto kontrolatzeko. Lortutako datuak egokiak diren heinean, edukiera areagotuz joango direla azaldu du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!