“Inprobisazioetan publikoa da gure gidaria; bere erreferentziarik barik salduta egongo gara”

Aritz Maldonado 2020ko eka. 4a, 08:55

Lisboako (Portugal) antzerki jaialdi batean zela harrapatu zuen koronabirusak eragindako zurrunbiloak Gorka Ganso; Cecilia Paganini bikotekideagaz [bera ere antzezlea] eta familiagaz zegoen han. Ganso ikastaro bat eskaintzekoa zen Lisboan, eta Paganini ikuskizuna. Egoeraren eraginez, autoa hartu eta Durangora bueltatu behar izan zuten, gura baino lehen. 

Zelakoa izan zen itzulerako bidaia? 

Agur jaian geundela, neska espainiar batek mugak itxi behar zituztela aipatu zuen. Autoa hartu eta etxera bueltatu ginen, segituan. Gauez heldu ginen, eta ezkutuan lez sartu ginen etxean. Shock moduko bat izan zen. Ez genuen inondik inora itxaroten, eta, gainera, gure ingurutik kanpora geunden, babesik barik.

'Madriguera' websaila sortu duzue konfinamendu egoeran. 

Hasieran, egoera berria asimilatu behar izan genuen. Sare sozialak bideoekin-eta bete zirela ikusi genuen, baina guk denbora gehiago behar izan genuen guztia ulertzeko, egoeraz kezkatzeko, haserretzeko eta abar, gure klown iragazkitik pasatu ondoren gizarteari itzultzeko. Aste honetan publikatu dugu azken saioa. Jendeagaitik balitz, aurrera jarraituko genuke, baina lan hau hobbya baino ez da izan. Itxialdi sasoiak sormen artistikoa lantzen jarraitzeko aukera eman digu, niri Madrigueragaz, eta Ceciliari Aguante irrati saioagaz. Inguruko errealitateak kezkatu edo hasarrarazi egiten gaitu, eta bufoiak badu egiak botatzeko gaitasuna, inor hasarrarazi barik, barrea eraginez. Ironiaz kargaturiko egiak botatzen ditu eta hori oihu egitearen modukoa da, lasaiago uzten zaitu.

Bestalde, zelan eragin dizue osasun krisiak? Topaklown topaketak bertan behera geratu dira, adibidez. 

Topaklown bertan behera geratzea sekulako kolpea izan da. Ekonomikoki ere arazo bat da. Maiatzetik aurrera galdutako ikuskizunak ere ez ditugu errekuperatuko. Zelanbait esateko, gure sektorea izoztuta geratu da. Ikusten dugu gizarte osoa martxan ipintzen ari dela, kaleko bizia berreskuratzen ari dela. Gure kasuan, ostera, ez da horrela gertatu. Zelan bueltatuko garen ikusteak ere larritzen gaitu. Zeintzuk izango diren baldintzak, zeintzuk izango diren beharrezko azpiegiturak, publikoagaz neurtu beharreko distantzia... Kontaktua eta hurbiltasuna oso garrantzitsuak dira guretzat; birusa lez, barrea ere kutsatu egiten da eta hurbiltasuna oso garrrantzitsua da horretarako. Detaile sinple bat emango dizut: gure aurrean dagoen jendeak maskara ipinita badu, ez dugu jakingo barre egiten dabilen ala ez, eta gu salduta egongo gara horrela. Inprobisaziorako tarte bat dago gure lanean, eta momentu horietan publikoa bera da gure zuzendaria; berak gidatzen gaitu, eta erreferentzia hori barik galduta gaude.

Hile hauek garrantzitsuak dira kale antzerkirako. 

Guk sektore publikoagaz lan egiten dugu, eta aurten kultura sailek dirua dute. Durangon eta Elorrion, adibidez, udan zerbait egingo da.  Ekimenak egingo dira kaleko bizitasuna berreskuratzeko. Arazoa hurrengo urteetan egongo da. 2008an gertaturikoaren antzerakoa aurreikusten dut: inguruan sekulako krisia bazegoen ere, gure sektoreak eutsi egin zion, kultura arloek aurrekontuak zituztelako. Horren ondoren igarri genuen beherakada. Hala ere, antzerkia beti krisian dagoela esaten da. Seguruenik, beste ogibide batzuei dirua kenduz gero ez lukete jakingo zer egin, baina guk ezagutzen dugu prekaritate hori. Sormena lantzen duen ogibidea gara eta hori gure alde dugu. 

Urrian 'Alpha' estreinatuko duzue.

Apiriletik entseatzen egon behar genuke, baina, zorionez, nahiko aurreratuta geneukan dena. Lehenengoz, neu bakarrik egongo naiz taula gainean, Iñaki Santos musikariagaz batera. Bideo proiekzioak erabiliko ditugu, lehenengoz hau ere, eta horiek bai landu ahal izan ditugu itxialdian.

Ikuskizun egokia izango da bizi dugun egoeragaitik, beldurra delako gai nagusia. COVID-19az gainera, beldurraren birusa ere hedatu da. Umeak garenetik, errekurrenteak diren ametsak ditugu: jaustea, ihes egitea... Amesgaizto horiekin dramaturgia  komiko bat egin dugu. Garrantzitsua da hori azpimarratzea, ez dugulako gure ardatza galdu. Dokumentazioa lantzen egon ginen sasoian, El nombre de la rosa liburuan El libro de la poética de Aristóteles aipatzen dela ikusi genuen. Eta aipaturiko liburu horrek dio barrea beldurraren aurkakoa  dela. Horregaitik desagerrarazi gura ditu botereak, erlijioak edo dena delakoak dibertimendua eta barrea, jendeak beldurra izan dezan, beldurraren eraginez errazagoa delako jendea kontrolpean izatea.  Antzezlana familia osoarentzat da egokia. Beti pentsatu izan dugu barrea gauza zuria dela, aseptikoa, baina emozio asko ukitzen ditu, eta barrearen bitartez pertsonen barrurako sarbidea topatu daiteke.

'Madriguera'-n diozu errealitate berri honek aurrekoaren antz handia duela. Ikasiko dugu zerbait honetatik?

Ironia horren atzean egia handi bat botatzen dudala uste dut. Gizarte honetan, kultura eta hezkuntza ez dira behar den moduan zaintzen gizarte kritiko bat izateko, jakiteko zer gertatu den eta zergaitik.  Tabernak zabaldu eta berehala,  terrazetara jo dugu zorionaren bila, baina inork ere ez du egoerari buruzko kritikarik egin, eta gertatu dena eta gertatzen dabilena oso larriak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!