Zelan hartu zenuten aurrez aurreko eskolekin hasteko albistea?
Maider Zubizarreta: Harrituta. Baina sentitzen nuen aurrez aurreko kontaktu horren premia nuela, arriskuak hor jarraitzen zuela ikusi arren.
Ane Martinez: Gogoz, baina arduratuta. Hasieratik gura izan dut ikastetxera bueltatu, baina presazko itzulera iruditu zitzaidan.
Azkenean, ez duzue aurrez aurreko eskolarik. Ez dira baldintzak bete?
A.M.: Batxilergoko 2. mailakoak bakarrik hasita bete daitezke. Baina hainbat herritatik datoz ikasleak; batzuk autobusean, denak batera.
M.Z.: Egun batetik bestera etorri da dena, eta ezustean harrapatu gaitu. Denbora behar da dena prestatzeko, eta horregaitik ez gara bueltatu.
Martxotik hona sarean jarraitu diozue ikasturteari. Zelan eraman duzue?
M.Z.: Gogorra izan da. Osa zaila da %100ean adi egotea, leku berean zazpi orduan pantailari begira zaudenean. Gainera, norbere kabuz lan egitea eskatzen zaigu askotan, pantaila baten aurrean. Astuna izan da eguneroko lana. Irakasleek eskolak ondo prestatu arren, lanaren zati handi bat gure gain gelditu da.
A.M.: Oso zaila egin zait. Psikologikoki oso astuna. Jendearen kontaktu fisikoa behar izaten dut nik, eta egunero zazpi orduan pantaila bati berba egiten egon naiz. Hori bai, asko eskertu dut eguneroko ordutegiagaz jarraitzea.
Uztailean selektibitatea duzue eta azterketa indartze eskoletara bueltatuko zarete. Bueltatzeko beharrizana sentitu duzue?
Biak.: Bai. Ikaskideak ikusteko, eta, batez ere, haria ez galtzeko. Izan ere, sarean bada ere, eskolara etorriko bagina lez jardun dugu.
Egoera ikusita, urduri zaudete?
M.Z.: Oso estresantea da Batxillergoko ikasturte amaiera hau. Aurten, dena atzeratu da eta denbora gehiago dugu lan egiteko, ikasteko ere bai. Oraingoz, lasai nago.
A.M.: Ez dakigu zelan egingo dugun, non, eta horrek ezinegona sortzen dit. Hilabete pasatxo gelditzen da oraindino, eta horrek eta irakasleen prestutasunak lasaitu egiten naute.
Kutsatzeko beldurra sortu zaizue?
A.M.: Bai. Asko pentsatu dut horretan, hasieratik. Gerta liteke azterketa baino 15 egun lehenago kutsatzea eta ezin izatea azterketa egin.
M.Z: Bai, edozein momentutan kutsatu gaitezke. Kalera irtenez gero, jendez inguratuta gaude. Azterketan neurri guztiak beteko dira, eta horrek ez nau larritzen.
Kondizio berezietan egingo duzue selektibitatea. Etorkizun akademikoan eragin dizuela uste duzue?
M.Z.: Bai. Ikasturte amaiera eta azken hiruhilekoaren ebaluaketa ikastetxe bakoitzaren esku utzi dituzte, eta bakoitzak bere irizpideei jarraitu die. Denontzat berdina den proba batean lehiatuko gara, baina kondizio desberdinetan. Batzuk ebaluatu gaituzte, eta beste batzuk ez, adibidez. Azken partida dugu selektibitatea, baina denok ez goaz kondizio berdinetan. Ikasteko denbora gehiago dugu, eta pentsa liteke notak igo egingo direla orokorrean.
A.M: Ikastetxeetan eszenario asko izan dira eta zalantza asko ditugu.
Zelan aurreikusten duzue iraila?
A.M.: Oso garrantzitsua da etapa bat amaitzea berria hasi aurretik, eta sentsazioa dut etapa hau ez dudala guztiz amaituko. Ematen du ez dugula ikasbidaiarik izango, agurrik ere ez. Irailean ere sarean hasiko garela diote. Bada, ematen du etapa berria ez dudala benetan hasiko. Psikologikoki oso astuna da, ziurgabetasun handikoa. Ikasle bakoitzak egoera desberdina bizi du.
M.Z.: Surrealista da dena. Orain artekoa amaitu barik, antzera batean hasiko diogu bide berriari. Etapa berri bat, mundu berri bat, eta baliteke etxetik bizi behar izatea.