Durangoko museoa eta biblioteka herritarrentzako zabalik daude ostera ere

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 2a, 10:17

Bizenta Mogel bibliotekan, momentuz, maileguak eta itzulketak baino ezingo dira egin. Arte eta historia museoan babes neurri zorrotzak bete beharko dira barnealdea bisitatzeko.

Bizenta Mogel bibliotekak atzo zabaldu zituen ateak eta gauza bera egin du gaur Arte eta Historia museoak. Bibliotekaren kasuan materiala mailegatu edo itzuli baino ezingo da egin, oraingoz. Ilarak ekidite aldera, udalak gogora ekarri du telefonoz, posta elektronikoz edo WhatsApp bidez egin daitezkeela eskariak. Biblioteka zabalik egongo da modu orokor batean 9:30etatik 13:30etara, eta 16:00etatik 20:30etara. 70 urtetik gorakoek eta arriskuan dauden kolektiboek lehentasuna izango dute 10:00etatik 12:00etarako eta 19:00etatik 20:00etarako tartean.

Babes neurriak museoan

Osasun neurriak betetze aldera, Durangoko Udalak hainbat neurri hartu ditu museoaren bisitetarako:

  • Irteera eta sarrera ateak bereiztuko dira. Sarrera ohiko atetik egingo da eta irteera lehenengo solairuko larrialdi atetik izango da.
  • Igogailua igotzeko erabiliko da eta eskailerak jeisteko. Irisgarritasun unibertsala bermatzeko, mugikortasun urriko pertsonak igogailua erabiliko dute, beti ere museoko harreran informatu behar dute aurretiaz.
  • Aretoetako aforoa zehaztuko da (areto txikietan, adibidez, 2 pertsona sartu ahalko dira batera.Taldeak gehienez 10ekoak izango dira)
  • Solairu bakoitzean ibilbide zehatz bat egingo da.
  • Mostradorearen eta erabiltzailearen arteko distantzia lurrean markatuko da.
  • Gel hidroalkoholikoak solairu guztietan jarri dira.
  • Ez da ezer era analogikoan emango. Museoko baliabide guztiak era digitalean emango dira (katalogoak, audiogidak, etab.)
  • Bisita gidatuak ez dira museoaren barnealdean egingo

Udalak gaineratu du irailean berrekingo dietela Humanitate ikastaroei. Online eta era presentzialean landuko dituzte, ikasle bakoitzaren beharrari erantzuteko. Bestalde, barnealdean ez da udako ekintzarik edo udalekurik ez da egingo.

Ekainaren 12an Fernando Mardones artistaren 'Desbideratzeak' erakusketa inauguratuko da. Irekiera ekitaldia parkean egingo da eta gehienez 10 laguneko taldeak osatu ahalko dira bisitaren txanda bakoitzean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!