Andereak elkarteak jakinarazi du bihar kaleetara bueltatuko dela, eguenero-eguenero egin izan dituen elkarretaratzeekin segitzeko. "Indarkeria estrukturala dago, eta, horregatik, ez zaigu egokia iruditzen emakume baten hilketaren berri dugunean edo eraso matxista baten salaketaren berri dugunean soilik manifestatzea", azaldu dute ohar batean.
Autodefentsa, kontzientzia politiko modura
Autodefentsa feminista aldarrikatu dute, gizarte patriarkalari aurre egiteko. Baina ez "kontraeraso edo jarrera erreaktibo gisa"; baizik eta tresna politiko gisa. "Guretzat, autodefentsa jarrera proaktiboa da. Ahalduntzea da, agindu patriarkalek gure bizitzak nola gobernatzen dituzten eta nola mugatzen gaituzten ulertzea da, ez bakarrik gure eskubideak urratzen diren edo diskriminatzen gaituzten edozein egoeratan, baita eguneroko bizitzako ekintza eta erabaki guztietan ere". Horregatik, kontzientzia hartzeko tresna gisa aldarrikatu dute autodefentsa feminista.
Elkarteak igorritako oharrean, hainbat eskari egin dizkiete ikastetxeei eta instituzio publikoei. "Autodefentsa Feminista ez da indarkeria desagerrarazteko panazea, baina hori lortzeko beste estrategia bat da. Horregatik, honako hau eskatzen dugu gaur: Andragunean edo beste gune batzuetan ordaindu ezin duten emakumeentzat doako autodefentsa feministako tailerrak antolatzeko laguntza publikoak. Autodefentsa feministako ikastaroak ikastetxe guztietan, 13 urtetik gorakoentzat".