Adinekoentzako ibilbide osasungarriei berrekingo diete Durangon

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 26a, 11:24

Konfinamenduak eragindako inaktibitate fisiko luzeari eta harreman sozialen higadurari aurre egiteko asmoz, adinduentzako  paseo osasungarriak martxan ipiniko dira hurrengo astelehenetik aurrera. Adinduek talde txikitan antolatuta eta kirol-monitore batek lagunduta berrekingo diete herriko kirol-ibilbideei. Babes-materiala eskainiko zaie parte hartzaileei.

Durangoko Udalak azaldu du konfinamenduak "inaktibitate fisiko luzea" ekarri dietela, eta "harreman familiar eta sozial falta" eragin dietela adinduei. Horren aurrean, normaltasuna apurka-apurka berreskuratzen joan eta adinekoentzako ibilbide egokituei berrekingo die datorren astelehean. Lau izango dira martxan ipiniko diren ibilbide osasungarrien eremuak: San Fausto, Aramotz, Alde Zaharra eta Madalena-Landako. Ibilbideak bizpahiru kilometrokoak izango dira, astean bitan eskainiko dira 10:00etatik 11:30etara, eta kirol-monitore batek lagunduta egingo dira. Durangoko Udalak azaldu du parte hartzaileei beharrezko babes-materiala banatuko zaiela.

Izen-emateak:

Parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik, eta bakoitzak, bera bizi den inguruko pasealekuan eman beharko du izena.  Asteko egun batean edo gehiagotan eman ahal izango dute izena. Udalaren adinekoen sailarekin ipini behar da horretarako harremanetan: 94 465 74 51 – 630 81 74 54 telefonoetan edo adintek@durango.eus helbide elektronikoan.

Zeintzuk dira ibilbideak eta ordutegiak?

Alde Zaharra

  • Noiz? Eguaztenetan eta barikuetan (ekainak 3, 5, 10, 12, 17, 19, 24 eta 26)
  • Abiapuntua: Kurutziagako iturria, Jesuitak ikastetxearen parekoa.

Madalena-Landako

  • Noiz? Eguaztenetan eta barikuetan (ekainak 3, 5, 10, 12, 17, 19, 24 eta 26)
  • Abiapuntua: Landako Erakustazokaren atea.

Aramotz

  • Noiz? Astelehenetan eta eguenetan (ekainak 1, 4, 8, 11, 15, 18, 22 eta 25)
  • Abiapuntua: Errotaritxuena parkea.

San Fausto

  • Noiz? Astelehenetan eta eguenetan (ekainak 1, 4, 8, 11, 15, 18, 22 eta 25)
  • Abiapuntua: San Faustoko elizaren aurrealdea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!