“Beharbada bizitzaren eta heriotzaren garrantziaz jabetzea ekarriko digu koronabirusak”

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 24a, 10:30

Iñaki Loinazek abade lanak egiten ditu San Faustoko eta Durangaldeko hainbat elizatan. Egunotan dolua egiten lagundu die koronabirusak hildako herritarren senideei. Ohikoa duen umorea eta gertutasuna lagun, gertatzen ari denaz gogoeta egin du. Instituzioenganako kritikak ere baditu.

Koronabirusak heriotzaren aurpegirik krudelenetariko bat erakutsi digu. Agur esateko aukerarik barik hiltzen ari dira gertukoak.
Bizitzen gabiltzan egoera konplexua da. Berria, orain arte ezagututakoaren aldean oso-oso bestelakoa. Beharbada bizitzak eta heriotzak duten garrantziaz jabetzea ekarriko digu egoera honek. Ematen du gizarteak ahaztu egin duela, edo ez dela akordatzen, heriotza arnasa hartzea bezain naturala dela. Ezkutuan mantentzen dugu eta gertutik kolpatzen gaituenean konturatzen gara gauzak txarto egiten ditugula. Hor kokatzen da dolua, maite ditugunak agurtzeko egiten dugun prozesuan. Egun hauetan ez dugu mezarik eman. Ez dugu elizkizunik egin. Baina hainbat familiak deitu digute tanatoriora edo hilerrira haiekin joateko eskatzeko. Denek zuten ezaugarri komun bat: senideak agur esateko aukerarik barik hil diren tristezia, bakarrik hil direla pentsatzeak eragiten duen mina. Herritar batek honako hau esan zidan aurreko batean, konfinamenduaren fase aldaketa horietariko batean: "gure ama eskuekin ukitzea lortu dugu". Pentsatu zein detaile gogorrak diren. Heriotza berez bada zaila, are eta zailagoa da egoera honetan.

Osasun agintarien esanetan, adinekoak izaten ari dira koronabirusaren biktima nagusiak.
Bai. Dena dela, iruditzen zait Durangaldean ez dela beste toki batzuetan bezainbeste jende hil. Nire lana min zuten horien bihotza ordenatzen laguntzea izan da egun hauetan. Eta ez abade modura bakarrik. Izan ere, heriotzaren aurrean agertzen dira bestearenganako esker ona, barkamena, heriotzaren aurrean garrantzitsuena bizitza izan dela azpimarratzea,... eta hainbeste kostatzen zaigun 'maite zaitut' esate hori. Oso enpatikoa naiz eta asko sufritzen dut alargunen bat edo seme-alabaren bat minez ikusten dudanean. Haren ondoan nagoenean inpotentzia sentitzen dut. Haiek animatzeko zer esan jakin ezinda egoten naiz. Kristauok Jesukristo dugu, baina denok dugu bizitza goraipatzeko beharrizana. Alde horretatik, heriotzak bizitza deskubritzen laguntzen dit.

Heriotzak bizitza deskubritzen laguntzen dizula diozu.
Halaxe da. Badakizu hilko zarela, eta aukera bi dituzu: bizitza osoa etxean sartuta eta deprimituta ematea, edo ahal duzun ondoen bizitzea. Hilko bazara, bizi, zeren eta zure ametsak hemen geldituko dira hiltzen zarenean.

Fededuna izan ala ez, koronabirusa eragiten ari denak utziko ote digu ikasgairik?
Beharbada txotxolokeria bat irudituko zaizu esango dizudan hau, baina ateratzen nabilen ondorioa da aurrerantzean ez garela ez hobeak ez txarragoak izango. Egunotako jokabideak gu garenaren isla baino ez dira. Gure barrenean jokabide solidarioak daude, jokabide egoistak bezainbeste. Argi ikusi dugu pandemian zehar. Ikusi dugu besteei laguntzeko herritarrek duten prestutasuna. Eta ikusi ditugu besteengan pentsatu barik egindako erosketa konpultsiboak. Konfinamendua errespetatu ez duten herritarrak ikusi ditugu. Eta baita horiek seinalatu dituztenak ere. Baina gero, egoerak hobera egin duenean, dena ahaztu dugu. Eguraldi onagaz, zerbeza pare bategaz eta lagunekin egonda, akabo koronabirusa eta konfinamendua. Beraz, zein den ateratzen dudan ondorioa? Bada, horrelakoak garela. Alde ona dugula, alde txarragoa dugula, eta biekin bizitzen ikasi behar dugula.

Egoera honek utzi dezakeen ondorio sozioekonomikoak kezkatzen zaitu?
Dudarik barik. Telebistako albistegiak ikuste hutsak ikara sortzen du. Gertatzen dena da hor betiko arazo bategaz topo egiten dugula. Goazen gauzak diren moduan esatera: elizari inkisizioa, gurutzadak eta halakoak leporatu izan zaizkio. Bai. Ez dut defendatuko defendatu ezin daitekeena. Baina gero, ekintza sozialera bideratutako egitasmorik gehienak elizari lotuta daude. Zergaitik? Ernegatu egiten nau kolore bateko zein besteko udal eta gobernuek gai sozialekiko duten ardura apurrak. Trataera sozialak, azpikontratazioek... Jende ilarak egon behar dira Caritasen eta JAEDen? Ala zerbitzu horiek estatuak, Eusko Jaurlaritzak edo dena delakoak eman behar lituzke?

Itzuliko dira mezak fase honetan?
Astelehenean hiletei ekingo diegu, eta maiatzaren 31n mezei. Gel hidroalkoholikoa ipiniko dugu sarreretan. Listu tantak barreiatzea ekiditeko, jaunartzea maskaragaz eta "kristoren gorputza" esan barik egingo dugu. Bakea elkarri emateko keinua beste batez ordezkatuko dugu. Diru-bilketa ez dugu ohiko moduan egingo. Irteeran ipiniko den ontzi batera bota daiteke dirua. Eta adinekoei lasaitasunerako deia egin gura diet. Ez dute etorri beharrik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!