“Norbait kutsatuz gero, kartzela osoa kutsatuko litzateke; preso asko beldur dira horregaitik”

Aritz Maldonado 2020ko mai. 22a, 10:00

Hogei urtean etxetik kanpora egon eta gero, Aitziber Coello Onaindia (Durango, 1979) Durangon dago berriro. Azkenengo hamasei urteak kartzelan egin ditu, eta itzultzeko sasoi arraroa egokitu zaion arren, pozik dago berriro etxean eta etxekoen artean, egoera berrira ohitzen. "Errazagoa da etxera ohitzea kartzelara baino", dio pozik.

Izan duzu aukerarik Durangotik eta Iurretatik bueltatxo bat emateko? Zelan aurkitu dituzu?
Bietan egoteko aukera izan dut, eta oso aldatuta aurkitu ditut. Oso politak, nire iritziz, baina aldatuta. Jendeagaz ere egon naiz kalean, eta arraroa egin zait. Gogo itzela dut lagun eta senideak ikusi eta besarkatzeko, baina oraindino itxarotea tokatzen da.

Kalean eta kartzelan bizi izan duzu osasun krisialdia. Alde handia dago?
Desinformazio itzela dago eta ez dira beharrezko neurriak hartzen. Esaterako, kalean ez dago arazorik maskarak erosteko; farmazia batean ez bada, bestean, baina espetxean ez dago horrelakorik. Orain ez dakit, baina lehenengo egunetan funtzionarioei ez zieten eman ez maskararik, ez eskularrurik, ez gelik. Norbait kutsatuz gero, kartzela osoa kutsatuko litzateke, eta normala den moduan, preso asko beldur dira.

Euskal presoek asteak daramatzate aurrez aurrekorik barik, eta mugikortasun mugatuak irauten duen bitartean horrela jarraituko dute. Zelako eragina du horrek presoarengan?
Presoak kaleagaz duen hartu-eman bakarra telefono bidezkoa da orain. Zortzina minutuko hamabi dei astean. Horrez gainera, kontuan hartu behar da beharrezkoa den arropa jasotzen dela bisitetan. Senide eta lagunik barik presoak ezin dio espetxeko kargari eutsi. Une honetan ere salbuespenik ez egitea oso gogorra da, presoen eskubide hori ere zapaltzen da, senideek ezin dutelako beste probintzia batzuetara bidaiarik egin.

Hamasei urteotan zu ere dispertsatuta egon zara. Zelako zama da hori etxekoentzat?
Zama ekonomiko handia da, baina fisikoa eta psikologikoa da, batez ere, betiko  markatzen zaituena. Oso gogorra da astebururo urte luzez ehunka kilometro urduri egin behar izatea, 'garaiz helduko naiz?' 'Zelan egongo da?', buruari galdetuz une oro.

Ama izan zara kartzelan. Prest daude kartzelak horrelakoetarako?
Ez. Kartzela pertsonak zigortzeko lekua da. Humanoagoak izan daitezkeen pertsonak egon arren, orokorrean kartzelan ez da existitzen humanitaterik. Edozein erabaki hartzeko, sistema edo euren segurtasuna lehenesten da, beti. Eta, modu horretara, aita hainbat hilean egon  daiteke umea ikusi barik. Edo amak espetxetik irten behar badu, ospitalera edo epaitegira joateko, adibidez, beretzat ezezaguna den beste preso bategaz geratuko da umea, kidea izan zein ez, eta hor ez da kontuan hartzen umearen ongizatea.

Zu kondena agortuta, Gorka Fraile baldintzapean; durangar bi gehiago herrian. Konponbidea hurbilago dago?
Nire ustez, ez. Ikustea baino ez dago zelako egoera bizi duten gaixo dauden presoek, edo jada adin bat dutenek. Hauek askatzeko edo kondena etxean betetzeko erabakia hartu zezakeen Espainiako Gobernuak, baina ez da hori kasua. Kiderik gehienek Euskal Herritik urrun dauden kartzeletan jarraitzen dute, Levanten edo Andaluzian asko. Horregaz argi geratzen da Espainiaio Gobernuaren borondatea ez dela konponbiderako pausoak ematea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!