“Konkistatzaile batek bera izan behar duela konturatu naiz, eta buruz indartsua”

Aitziber Basauri 2020ko mai. 23a, 12:00

Azken ahalegina izan behar zuen eta asmatu zuen. Oihane Alacano durangarrak Karibera joateko txartela lortu zuen. Konfinamenduaren eraginez, han bizitako uneak "bere osotasunean" gozatzeko aukera galdu duela uste du. Esperientzia gazi-gozoa izan du.

Hirugarrenean lortu duzu 'El Conquistador del Caribe'-n parte hartzea.
Bai, 18 bat urtegaz aurkeztu nintzen lehenengoz, ero-eroan, eta urte gutxira berriro ahalegindu nintzen. Hamar urteren ondoren, lortu dut. Txikitatik ikusi dut saioa eta betiko ametsa izan dut parte hartzea. Kirolari moduan ere beti erakarri nau.

Gosea, nekea, intsektuak, probak... ez du ematen oso plan erakargarria. 
Ez. Askotan pentsatu dut neuk ere, nork esan dit niri honetan sartzeko! Kirolari sutsua izan naiz beti eta nire gorputza zein puntutaraino eraman nezakeen jakin gura nuen, zenbateraino eusteko gai nintzen. Oso zaila da horrelako esperientzia bat norbere kabuz bizitzea, horrelako kirol probak egitea Patagonia edo Karibea lako parajeetan. 

Zelako esperientzia izan da?
Oso gogorra. Etxetik ikustea edo han egotea oso desberdina da. Aurtengo edizioa ezustekoz beteta dago, gainera. Ez dakizu nondik joango den kontua, eta psikologikoki oso gogorra da. Jan barik eta lorik egin barik jarraian egin ditugun egunak izan dira gogorrenak. Baina sortu dugun familia izan da esperientzia honek eman didan onena. Egunero berba egiten dugu. Norberaren gorputza zer egiteko gai den ikustea ere polita eta harro egoteko modukoa da.

Irabazleen artean ikusten zenuen zeure burua. Zelan prestatu zara?
Crossfit-a egin dut batez ere, eta itsasoan igerian ibili naiz. Uretan eta sokekin ondo moldatzea ezinbestekoa da. Baina, sokekin trebatzeko (tirolina, yumar... ) aukera gutxi izan dut. Psikologikoki prestatuta joan behar da, eta elikadurara egokituta, etorriko denari aurre egiteko.

Etxera etorrita, zer izan da gatxena?
Egunerokora bueltatzea. Burbuila batean lez egon gara han, horretaz jabetu barik. Mugikorra isiotu eta antsietate puntu bat sortu zitzaidan, zer jantzi erabakitzeak estresatzen ninduen, tabernan sortzen diren zaratek ere bai, eta edozein usain antzematen nuen. Elikadurari dagokionez eta fisiologikoki ere gogorra da buelta. Karibetik etorrita, astebetean sei kilo hartu nituen. Tripakadak hartzen nituen. 3-4 hile behar izan ditut neure onera bueltatzeko.

Euskal Herrira etorrita, zer da egin zenuen lehenengoa?
Dutxatu eta infusio bat hartu, txokolatezko gailetekin. Liburu bat ere hartu nuen, eta orriak usaindu. Etxeko usaina hartu gura nuen.

Aukeratu momentu bat.
Kanpamentu aberatsean, denok elkarregaz itsasoan, biluzik, garagardoekin, barrezka eta abesten.

Zer behar du konkistatzaile batek?
Aurkako sentimenduak sortzen dizkit. Uste nuen diziplinaduna eta konstantea izan behar zuela. Bera izan behar duela konturatu naiz eta, batez ere, buruz indartsua.

Errepikatuko zenuke?
Han bizitako esperientzia bai, baina 'reality'-a bera ez. Telebistan nitaz eman duten irudiagaz oso txarto pasatu dut; hori ez naiz ni.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!