“Urtea amaitu baino lehen txertoa prest egon daitekeen esperantza dut ”

Jone Guenetxea 2020ko mai. 21a, 19:30

Joseba Bikandi mikrobiologoa da, eta irakaslea EHUn. Koronabirusaren inguruko aktualitateari buruzko azalpenak eman ditu: txertoaren ikerketak, tratamenduak, talde immunitatea, hartu beharreko babes neurriak,...

Koronabirusaren aurkako txertoaren inguruan aurrerapausoak eman dituztela dirudi. AEBetan txertoa urte amaierarako egon daitekeela diote. Ildo horretatik, badugu pozik egoteko arrazoirik?
Moderna enpresaren ikerkuntza ondo doala dirudi. Ikerketaren hirugarren fasea uztailean hasiko dutela diote. Hala ere, hirugarren faseak atal bi ditu eta ez dakit bietako zein hasiko duten. 6.000 pertsona ingururengan probatuko dute txertoa. Emaitzak errepikatzen badira, txertoa nahiko gertu egongo da. Beste kontu bat da txerto hori guri noiz heltzen zaigun. Orain egin dituzten probetan, emaitzak 43 egunetara aztertu dituzte pertsonengan. Horrek esan gura du gauzak luzerako doazela. Oraindino ez dakigu noiz komertzializatuko duten. Bestalde, kontuan izan behar da txinatarrak ere oso aurreratuta dabiltzala. MOEk apirilaren 26an argitaratu zuen 89 txerto-proiektu zeudela martxan. Baina zazpi baino ez zebiltzan gizakiekin esperimentatzen. Moderna enpresarena da horietariko bat. Urtea amaitu baino lehen prest egon daitekeen esperantza dut, baina banaketa ez da populazio guztira aldi berean etorriko. Gu ez gara lehenengoak izango. Beste kontu bat da txertoa prest dagoenean nori eman lehenengo, nagusiei eta osasun arazoak dituztenei ala beste batzuei. Ezin dugu ahaztu hil direnen %95ek arazoak izan dituztela aurretik. Baina hor erabaki politiko eta ekonomikoak sartzen dira, ez bakarrik medikoak. Bestalde, egoera honek txertoen alde egiteko balio izatea espero dut, eta antitxertoak baztertzea.

Posible da txerto bat baino gehiago komertzializatzea?
Posible da txerto bat baino gehiago izatea eta horiek erabilera ezberdinak izatea. Bakoitza ikerketa mota bat egiten ari da. Mutazioen ondorioz txertoagaz arazoak izan daitezkeen jakitea da kontua. Ikerketa batzuk koronabirus bat baino gehiago harrapatzen dituen txertoaren bila dabiltza. 

Gaixorik daudenentzat badago tratamendu espezifikorik?
Oraindino ez da sortu birus honentzako tratamendurik. Hau da, eman eta sendatu egiten zaituena.Tratamenduak egon, badaude. Lehen, pandemiaren hasieran ospitalera joaten zirenak proportzio handiagoan joaten ziren zaintza berezietara orain doazenak baino. Ikasi egin da tratamenduak ematen. Ez dituzte tratamendu berdinak ematen infekzioaren fase batean edo bestean. Batzuk ez dira birusaren aurka; birusak larri jartzen diren pazienteengan eragiten duen hantura-erreakzioa indartsua edo biriketan eragiten dituen (mikro)tronboak  ekiditeko tra­tamenduak dira. Badirudi badagoela eraginkorra izan daitekeen antibiriko bat, baina oraindino ez dago behar den moduan testatuta. Orain, infekzioak berriro ugaritzen badira, medikuek askoz ere jakintza handiagoa izango dute infekzioari aurre egiteko. Kontua da ostipaleak ezin ditugula saturatu, hori gertatuz gero tratamendurik jaso ezin duten pazienteak egon daitezkeelako.

Talde immunitatearen inguruan estatuan egindako azterketak azaldu duenez, %5 izan dira infekzioagaz kontaktua izan dutenak. Gehiago izan zitezkeela uste zuten adituek?
Aurrez egindako estimazio batzuetan %15 izan zitekeela uste zen, baina errorearen margena oso zabala zen. Sorpresa izan da uste zena baino gutxiago izan delako, hau da, antigorputzak zituztenak pentsatutakoa baino askoz gutxiago izan dira. Birusa jende gutxik pasatu badu eta jende askok birusaren aurka babesik sortu ez badu, horrek esan gura du infektatu daitezkeenen kopurua oso handia dela. Talde immunitatea noiz sortzen da? Infekzioa pasatu dutenen kopurua handia denean eta aukera gutxiago dagoenean pertsona batek beste bat infektatzeko, inguruan immunizatuta dauden pertsonak dituelako. Ez badago jenderik immunizatuta, infekzioa duenak askoz ere errazago transmitituko du birusa.

Norberak hartu beharreko babes neurriak zorrozten ari gara. Maskarak jartzea garrantzitsua da? Sentsibilizatzen ari gara?
Maskara erabiltzen badugu babesa gehitu egingo dugu, baina maskara bakarrik ez da nahikoa. Distantziak mantentzea, eskuak garbitzea... Horrek gelditzen du transmisioa. Itxialdian zehar, transmisiorik gehien familia barruan gertatu da, eta orain familia berriak kutsatzeko arriskua gehitu da. Esaterako, elkarre­gaz bizi ez diren gazte asintomatiko bik elkar musukatzen badute, ez dabiltza distantzia neurriak mantentzen eta familia  berriak kutsatu daitezke. Horrelako gauzak saihestu beharko genituzke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!