Durangoko EAJk 1,2 milioi euro bideratu gura ditu herriko ekonomia suspertzera

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 20a, 16:37

Durangoko EAJk herriko ekonomia suspertzeko eta herritarren ongizatea babesteko proposamena egin du gaur. 30 neurriz osatutako proposamena aurkeztu du, guztira 1,2 milioi euroko inbertsioa lekarrena. Iazko aurrekontuen soberakinagaz inbertsio batzuk egitea aurreikusita zegoela-eta, inbertsio horiek berrikusteko "beharra" dagoela planteatu du, "benetako beharrei aurre egiteko".

Durangoko EAJk bi multzo nagusitan banatu ditu herriko ekonomia suspertzeko proposatu dituen neurriak. Herritarren ongizatea babesteari begirakoak dira neurrietako batzuk. Komertzio txikia suspertzeari lotutakoak dira besteak. Honakoak dira:

Herritarren ongizatea bermatzeari lotutako proposamenak:

  • JAEDera eta Caritasera bideratutako zenbatekoa handitzea, egoera ahulean dauden familien oinarrizko beharrak betetzeko.
  • Euskara Campus digitala antolatzea, etxean euskaraz egiteko aukerarik ez duten eskola-ikasleei lagundu eta datorren ikasturteari ahalik hoberen heltzeko.
  • Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) ahalik eta lasterren zabaltzea, beharrezko babes-neurri guztiak bermatuta. Hartara, herritarrei erraztasun guztiak emateko, udalaren izapide guztiak egiteko eta erroldatze-ziurtagiriak, bereziki, posta elektronikoz emateko aukera legoke.
  • Durangoko kaleetan udaltzaingoaren presentzia areagotzea, oinez edo bizikletaz.

Tokiko ekonomia suspertzeari eta babesteari lotutako proposamenak:

  • Saltoki txikien, ostalarien eta beste zerbitzu-enpresen jardueren titularrentzako zuzeneko laguntza ekonomikoak, izapidetze errazekoak.
  • Egin gabeko jarduerengatik ordaindutako zenbatekoak itzultzea, tasak atzeratzea, neurrira ordaintzea eta 2021erako tasak eta zergak izoztea.
  • Ostalaritzako establezimenduetako terrazak euren espazioaren %100 handitzea baimentzea, tasan hobariak aplikatuz.
  • Babes-kitak hornitzea eta banatzea.
  • Tokiko merkataritza sustatzea: Merkataritza bonoa, bizikletak erosi eta konpontzeko laguntzak; Udalak tokiko erosketa lehenestea eta tokiko enpresekin kontratatzea.
  • Tokiko eragileekin lankidetzan kaleak dinamizatzea hainbat kultura, kirol eta gizarte-jarduera antolatuz, eta Durango eta inguruko turismo-sustapenerako kanpainak eginez.
  • Durangoko saltoki txikiak digitalizatzen laguntzea eta Durangoko eragile nagusiekin lankidetzan (Dendak Bai, ostalarien Elkartea, Bapo Bapo edo antzeko tokiko plataformak, etab.) online merkataritza-plataforma bat sortzea, establezimendu guztiak bilduko dituena, Durango merkataritza- eta ostalaritza-gune birtual, aitzindari eta berritzaile bihurtzeko.
  • Durango erreferentziazko "merkataritza-gune" bihurtzea
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!