Durangoko EAJk "erabat gaitzetsi" ditu PSE-EEren egoitzaren aurka egindako pintaketak

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 18a, 12:30

Elkartasuna eta babesa adierazi dizkiete PSE-EEko kideei eta gogora ekarri dute egunotan antzerako beste hainbat eraso izan direla hainbat batzokitan. Jeltzaleek udal gobernu taldearen jarrera kritikatu dute PSE-EEk proposatutako adierazpena atzera bota dutelako. "PSEk aurkeztutako testua, inklusiboa izateaz gain, pertsona guztien bakearen eta bizikidetzaren aldekoa da. Baina, udal gobernu taldeak testu hori errefusatu egin du, bere bidea markatu nahian". PSE-EEk aurkeztutako testua babestu du EAJk.

Durangoko EAJk ohar bat kaleratu du atzo PSE-EEren egoitzan agertutako pintaketak direla eta. Honela dio: "EAJ-PNVk erabat gaitzetsi ditu asteburu honetan PSE-EEk Durangon duen egoitzaren aurka eragindako erasoak, baita azken egunotan hainbat batzokitan gertatutakoak ere. Une latz hauetan, PSEri erabateko babesa eta elkartasuna adierazi dizkio. Horren erakusgarri, PSEk proposatutako adierazpen instituzionala babestu du. Bestalde, EAJ udal taldeak atsekabe handiz ikusi du Gobernu taldeak PSEk proposatutako testua babestu ez izatea. PSEk aurkeztutako testua, inklusiboa izateaz gain, pertsona guztien bakearen eta bizikidetzaren aldekoa da. Baina, Udal gobernu taldeak testu hori errefusatu egin du, bere bidea markatu nahian".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!