Durangoko Udalak "argi eta garbi" dio PSE-EEren egoitzaren aurkako pintaketak "lekuz kanpo" daudela

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 18a, 11:13
Pintaketen irudiak. (@PSEBizkaia)

Durangoko udal gobernu taldeak adierazpen bat plazaratu du atzo PSE-EEren egoitzan agertutako pintaketen harira: "Durangoko gobernu taldetik gure desadostasuna erakutsi nahi dugu, eta argi eta garbi esaten dugu lekuz kanpo daudela. Zentzu horretan, elkarbizitzaren eta normalizazio politikoaren alde lanean jarraituko dugu". Bestalde, "espetxe-politika aplikatzearen ondorioak salatu" ditu gobernu taldeak. Eskubideak urratzen direla eta "preso dauden pertsonen osasuna arriskuan" ipintzen dela salatu du.

Atzo hainbat pintaketa agertu ziren Durangoko PSE-EEren Herriko Etxean. Bizkaiko sozialistek erasoa gaitzetsi zuten sare sozialen bidez. "Gaur gure Herriko Etxeari eraso egin diote. Intoleranteek besteekiko errespetu falta erakusten darraite egunero. Ez dituzte demokraziako arauak onartu gura", adierazi zuten. Ezezagunek 'amnistia', 'asesinos' (hiltzaileak) eta 'Patxi borrokan' bezalako mezuak ipini zituzten.

Herriaren Eskubidearen oharra

Bestalde, Herriaren Eskubideak oharra kaleratu du iluntzean. Bertan, "irmoki" gaitzetsi ditu PSE-EEren egoitzan agerturiko pintaketak. "Eraso honek ez dio ekarpenik egiten elkarbizitzari edo normalitate politikoari". Horrelako erasoak edota giza eskubideen urraketak gaitzesten dituela nabarmendu gura izan du alderdi moreak, gainera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!