Astelehenean hondakin organikoen bilketa, liburutegiko itzulketak eta TAOa berraktibatuko dituzte Durangon

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 9a, 09:00
Udalak debalde banatuko ditu hondakin organikoak batzeko poltsak.

Durangoko Udalak hainbat zerbitzuri berrekingo die astelehenetik aurrera. Besteak beste, hondakin organikoak batzeari ekingo dio ostera ere. Horretarako poltsa organikoak banatzeko bi makina ipini ditu. Udaletxeko arkupeetan dago bata. Saibi kaleko Udal Euskaltegian bestea. Poltsak debalde eskuratu daitezke duela aste batzuk etxe guztietara bidalitako txartelekin

Hego Euskal Herria deskonfinamenduaren lehen fasera pasako denez, Durangoko Udalak bere zerbitzu batzuei berrekingo die astelehenean. Honako zerbitzu hauek aktibatuko dituela azaldu du:

Landako Guneko aparkalekua eta TAO sistema

  • Landako Guneko aparkalekua zabalduko du ostera ere
  • Bilbon, Donostian edo Gasteizen egitekoa den bezala, Durangon ere TAO sistema berrezarriko dute. Udalak azaldu du martxoaren 15ean bertan behera utzi zela zerbitzua, eta etenaldi horrek 41.000 euroko gastu finkoa ekarri diola, etenaldi horretan batu ez den kopurua aparte utzita.

Hondakin organikoen eta altzarien bilketa

  • Hondakin organikoak batzeari berrekingo diote. Udalak poltsa organikoak banatzeko bi makina ipini ditu. Udaletxeko arkupeetan dago bata. Saibi kaleko Udal Euskaltegian bestea. Poltsa horiek debalde eskuratu ahalko dira, duela aste batzuk etxe guztietara bidali zen txartela erabilita.
  • Altzariak eta tresnak biltzeko zerbitzua ere berraktibatuko dute. 900 701 016 telefono zenbakira deitu beharko da horretarako.

Maileguen itzulketak Bizenta Mogel bibliotekan

  • Konfinamendua baino lehen mailegatutako liburuak eta bestelako elementuak itzuli ahalko dituzte herritarrek. Bibliotekako arduradunek, horrela, elementu horiek berrogeialdian utziko dituzte.

Aurrera begirako neurri berri bat: Uharte mugikorrak ezartzea

  • Maiatzaren 18an, hondakinak biltzeko sistema berria ipiniko dute martxan Alde Zaharreko bizilagunentzat. Edukiontzien uharte mugikorrak erabiliko dituzte horretarako. Modu berean, Alde Zaharreko lurpeko edukiontziak zarratuko dituzte. Azken hauek hainbat arazo eman izan dituztela adierazi du udalak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!