Herritarren proposamenak 2021eko udal aurrekontuetan islatzea gura du Durangoko Udalak. Horretarako epeak eta faseak zeintzuk diren azaldu du. Durangarrek partehartu.durango.eus atarian parte hartu dezakete prozesuan. Bozketak egiteko unea iristen denean, horretarako toki fisikoak ere ahalbidetuko ditu udalak. Hauek dira faseak eta epeak:
1. PROPOSAMENAK JASOTZEA (maiatzaren 4tik 18ra)
- Durangarrek eta Durangon erregistratutako elkarteek haien ideia edo proposamenak aurkeztu ditzakete web orrian. Izan litezke gai hauei buruzkoak: tokiko merkataritza eta turismoa, kultura eta euskara, lankidetza eta giza eskubideak, berdintasuna, adinekoen gaiak, enplegua edo ume eta gazteen gaiak. Beste edozein gairi buruzko proposamenak ere onartzen ditu udalak, betiere, udalaren eskumenekoak badira.
2. GUSTUKOAK DIREN PROIEKTUEN AUKERAKETA (maiatzaren 18tik 24ra)
- Aurkeztutako proposamenak web orrian ipiniko dira ikusgai eta herritar bakoitzak gustukoen duena aukeratu beharko du. Gehienez, 5 proposamen markatu ahalko ditu "Atsegin dut" markatuta. 50 atsegite baino gehiago biltzen dituzten proposamenak hurrengo fasea pasako dira.
3. BIDERAGARRITASUN TEKNIKOAREN AZTERKETA (Ekaina)
- Durangoko Udalaren sail teknikoek eta juridikoek proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute. Bideragarriak diren proiektuak bozketa fasera pasako dira.
4. BOZKETA (Uztaila)
- Herritar bakoitzak hiru proiektu bozkatu ahalko ditu gehienez. Web orriaren bitartez eman ahalko dute bozka, baina baita modu presentzialean ere. Udalak aurreratu du horretarako tokiak ipiniko dituela.
5. BOZKETAREN EMAITZAK ARGITARATZEA (Iraila)
- Bozketen emaitza zein den jakinaraziko du udalak. Proposamen irabazleak 2021eko udal aurrekontuetan txertatuko ditu, "ezarritako aurrekontua osatu arte".