"Konexioa galtzeak beldur pixka bat ematen zigun, baina ongi irten dira emanaldi guztiak"

Anboto 2020ko api. 29a, 18:46
Arg: Gloria N.M.

Maiatzaren 2an eta 3an Hipolito online bidezko antzerkiari musika jarriko dio Nerea Aizpurua durangarrak. Aurretik, sei emanaldi egin ditu Bea Insa aktoreagaz batera, eta sarrera guztiak saldu dituzte. 

Bea Insa aktoreagaz batera, bakoitza bere etxetik, Hipolito antzezlana aurkezten aritu da Aizpurua apirilaren 12az geroztik. Insa aktorea da, Aizpuruak ostera, musika jartzen dio antzezlanari; biolontxeloa jotzen du berak. "Online bidez izaterakoan, beldur pixka bat genuen, izan ere, tarte batzutan guztiz sinkronizaturik egon behar gara, bestela arraro geratuko litzatekeelako, eta ez dugu arazorik eduki". Aurretik ere elkarregaz lan eginak dira Insa eta Aizpurua, eta horrek lana erraztu die. "Jaso dugun feedbacka ona izan da, eta gu ere pozik gaude lanarekin".

Zoom aplikazioaren bidez jarraitu ahalko da antzezlana (sarrerak erosteko), zapatuan eta domekan, 18:00etan. Ostean, protagonistekin berba egiteko aukera egongo da, baita ere.  

Licenciado Vidriera, geldi

Hipolito ez da artista durangarrak martxan duen proiektu bakarra. Vol II diskoa kaleratu ostean, zuzenean aurkezteko birari ekitekoa zen taldea, hala ere, oraindik ez dakite noiz ekingo dioten kontzertuei. "Egoera hobetzen denean hasiko gara zuzenekoekin, bitartean, entzungai dago diskoa plataforma digitaletan".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!