Durangoko galdeketa

Alarma egoerak Durangoko tren geltokiaren galdeketa izoztuta utzi badu, geltoki inguruko lan batzuk martxan zergatik dauden galdetu du Erabakik

Ekaitz Herrera 2020ko api. 29a, 10:21

Erabaki plataforma kezkatuta dago konfinamendua indarrean den bitartean obrak sumatu dituelako Durangoko tren geltokiaren inguruetan. Durangoko Udalak ANBOTOri azaldu dionez, obrek ez lukete zerikusirik PERI ferrocarril proiektuagaz beragaz, Euskal Trenbide Sarearen "trenbide-sistemaren mugen barruko" lan batzuekin baino.

Tren geltoki inguruan lan mugimenduak sumatu zituela eta, duela egun batzuk Durangoko Udalagaz harremanetan ipini zela azaldu du Erabaki plataformak. Erabakik dioenez, "honako azalpen hauek" jaso zituen udalaren partetik: "Durangoko Udalak galdera bat igorri zion ETSri (Euskal Trenbide Sareari) estazioaren inguruan egiten ari diren obrei buruz. ETSk ez du erantzun gaurko egunera arte. Jakinarazi ziguten ETSren erantzunik izan ez duten arren, hasiera batean, obrak trenbide-sistemaren mugen barruan egongo liratekeela eta, beraz, ez dutela horiek egiteko baimenik behar, ez baitira PERI ferrocarril proiektuaren parte".

Astekari hau Durangoko Udalagaz ipini da harremanetan, eta berretsi egin du Erabakik argitaratutako informazioa. "Euskal Trenbide Sareagaz harremanetan ipini ginen. Haien eskumenekoa ez zen proiekturen bateko lanak egiten ariko balira, lanak etetea eskatu genien", jakinarazi du Aritz Bravo udal gobernu taldeko kideak. Udalak argitu du gaur-gaurkoz ez duela ETSren erantzunik jaso. Horrenbestez, ondorioztatu du egunotan martxan egondako obrak ez direla udalaren eskumenekoak, hau da, PERI ferrocarril proiektuaren barnekoak,  "trenbide sistemaren mugen barruko" lanak baino.

Alarma egoera indarrean den bitartean, "airean" dagoen proiektu batentzako lanean

Erabaki plataformaren beste kezka bat errepide bat egiteko lanei buruzkoa da. Sasikoa kalearen ingurutik Askatasun etorbidearen arteko errepide zatia egiteko lanak ei dira martxan egon direnak. Baliteke ETSk bere garaian onartutako proiektuagaz aurrera segitzea.

Lanak PERI ferrocarril proiektuaren osagarri izan arren, Erabaki plataformak mahai gainean ipini du galdera: "zergatik bukatu nahi ditu ETSk alarma-egoera indarrean dagoenean eta jendea etxean dagoen bitartean, PERRIferrocarril bezalako beste proiektu baten osagarri diren eta “airean” deuden urbanizazio-obrak? Gobernuak funtsezko jardueretara mugatutako aldian egin ziren obra horiek. Funtsezkoak ziren jarduerak ziren benetan?", galdetu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!