Eusko Jaurlaritzak herrietako azokak debekatzeko erabakiak hainbat ekoizle, eragile, baserritar, sindikatu eta alderdi politikoren haserrea piztu zuen. Azoka hauek udalek arautzen dituztela kontuan hartuta, hainbat herritan neurri zorrotzak hartuta antolatu egin zituzten Ondarroan edo Eibarren, besteak beste.
Testuinguru berri honetan, Durangoko Udalak merkatu plazan antolatzen den azoka egitea erabaki du, zapatu honetan hasita. Udalak neurri zorrotzak jarriko ditu ekoizleen eta erosleen segurtasuna bermatzeko.
"Pozten gara Eusko Jaurlaritzaren jarrera aldaketarekin; izan ere, debekua baino dezente lehenago ere dekretu bat argitaratu zuen, herriei horrelako azokarik ez egitea gomendatzen ziena. Durangon erabaki genuen gomendio horri kasu egitea, eta, ondorioz, azoka bertan behera uztea. Zentzu horretan, Osasun Sailari uneoro jarrera kontsekuentea izaten saiatzeko eskatzen diogu, merkatu horien atzean euren egunerokotasuna arriskuan ikusten duten pertsonak baitaude", azaldu du Durangoko gobernu taldeak.
Publikoarentzako salmenta ordutegia 09:00etatik 13:00etara izango da, eta ekoizleek beraien kanal propioak prestatuko dituzte ohiko erabiltzaileen artean, salmenta aurreratua sustatzeko eta erosketa arinagoa eta azkarragoa izan dadin.
Merkatua berriz irekitzeko segurtasun eta osasun neurri guztiak hartuko dituztela azaldu dute udal arduradunek. Horretarako, udalak zirkuitu bat prestatu du, sarrera eta irteera independente batekin, eta atzera egiteko aukerarik gabe, jendea gurutzatu ez dadin. Postuak bananduta egongo dira, postu bakoitzeko gehienez ere bi mahairekin.
Durangoko EAJk prentsa oharrean dioenez azoka zabaltzea "positiboa" da. Hala ere, saltzaileen eta erosleen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea eskatu du. Ildo horretatik, tokiko ekonomia bultzatzeko proposamen bat lantzen ari dela aurreratu du.
Elorrioko azoka
Azoka ixtea erabaki aurretik, Elorrion dauden hiru nekazarien produktuak Anbotope dendaren bidez saltzea landu zuen udalak. "Anbotopen bertako produktuak saldu eta erosteko eskubidea bermatuta izan dute baserritarrek. Aldaketa honekin, berriz ere harremanetan jarri gara baserritarrekin ezer erabakia aurretik beraiekin egon nahi dugulako", dio Idoia Buruaga Elorrioko alkateak.