Beherapen bonuen hiru kanpaina egingo ditu Durangoko Udalak urte honetan zehar

Ekaitz Herrera 2020ko api. 9a, 11:00

Gabonetara bakarrik mugatu barik, aurten hiru beherapen kanpaina egingo dituzte herriko dendak eta komertzioak bultzatzeko. Udalak ekainean ipini gura du martxan lehenengo kanpaina. Guztira, 50.000 euro bideratuko dituzte, eta 2020ko udal aurrekontuak koronabirusaren testuingurura egokitzen ari direla azaldu dute

Durangoko Udalak ekainera aurreratu gura du Gabonetan egin ohi duen Beherapen Bonuen kanpaina. Hartara, ekainetik hasi eta urtea bukatu arte hiru beherapen kanpaina egingo ditu. Beste bi kanpainak udazkenean eta neguan egingo dituela aurreikusi du. "Neurri hori ekimenarekin bat egin nahi duten saltoki edo jarduera profesional txiki guztietara" zabalduko dela azaldu dute udal iturriek. Guztira 50.000 euro bideratuko dituzte, eta, horretaz gain, herriko establezimenduetan kontsumitzeko opari txartelen zozketak ere egingo dira. Udalaren arabera, neurri hauek herriko autonomo eta enpresari txikiei laguntzeko ekimenen "aurrerapen txiki bat da". Bien bitartean, 2020ko Aurrekontu Orokorrak berregokitzen ari direla azaldu dute, "egungo beharrei erantzun ahal izateko".

Hitzarmen berria Dendak Bairekin

Bestalde, udalak eta Dendak Bai elkarteak hitzarmen berri bat sinatu dute. Horren arabera, udalak 47.000 euro bideratuko ditu saltoki txikien kontsumoa sustatzeko jardueretara. Diru kantitate hori iazkoa baino %10 handiagoa dela dio udalak. "Garai zailak dira autónomo eta enpresa txikientzat, eta udaletik laguntza osagarriak bilatu behar dizkiegu gobernu zentraletik, Eusko Jaurlaritzatik eta Aldunditik ematen diren laguntzei. Lehen neurri horiek denbora tarte laburrean aurkeztuko ditugunen zati txiki bat dira, autonomo eta enpresari txiki guztiak bilduko dituztenak", azaldu du udal gobernu taldeak.

Azkenik, udalak azaldu du tokiko merkataritzarako estrategia zehaztuko duen plana (PERCO lez ezagutzen dena) "abian" ipini duela.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!