Sorginola gaztetxean egunotan izandako "lapurretak eta kalte jarraituak" salatu dituzte

Ekaitz Herrera 2020ko api. 6a, 11:10

Ez da lapurretan egitera sartu diren lehenengo aldia, "baina COVID 19-aren ondoriozko salbuespen egoeran gertatzeak are larriagoa egiten du gazteok elkarlanean eraikitakoa lapurtu eta suntsitu izana", azaldu dute gazteek. "Ez da Gaztetxearen edo Asanbladaren kontrako erasoa soilik; Durangoko gazteon eta herri mugimenduaren kontrako erasoa da".

Durangoko Sorginola gaztetxeko kideak "oso haserre" daude egunotan gertatutakoagaz. Gaztetxean "lapurreta eta kalte jarraituak" egon direla salatu dute. Noizbehinka gertatu izan zaizkie halakoak, baina aste honetako kalteek "beste dimentsio bat" hartu dutela diote. "Dirutza balio duen materiala eta urteetako lanari esker lortutakoa izan da oraingoan desagertu dena". Eraikinaren erabilerarako funtsezkoak diren "kable sarea, sukaldeko gailuak, negurako estufak, musika tresnak..." izan dira lapurtutako gaietako batzuk.Sorginolako kideen ara,era "pertsona jakin bat" egon liteke denboran zehar gertatutako lapurreten atzean.

Konpromisoagaz, aurrera

Gaztetxeko kideek aurreratu dute halako erasorik berriro gertatu ez dadin, "gaztetxea gune segurua izateko konpromisoa" eta "mekanismoak" garatuko dituela. "Kontziente gara erronka handia dugula eskuartean eta durangarrei gonbita egiten diegu etorriko diren deialdietara batzeko". Elkartasuna eta ilusioak "lapurtu ezinak" direla-eta, aurrera  begira jarraituko du Sorginolak. Gogora ekarri dute garai bateko "fundizio zaharra biziberritzen" hasi zirela duela bost urte, gazteen "eskuekin eta izerdiarekin" lan eginda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!