[BIDEOA] Adinekoak diren 1.200 durangarri deitu die udalak haien egoeraren berri jakiteko

Ekaitz Herrera 2020ko api. 4a, 11:27

Etxean bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako herritarrak, udalak egiten dituen tailer psikosozialetako parte-hartzaileak eta Erretiratuen Etxeko jantokiko erabiltzaileak deitu dituzte egunotan. Udal iturrien arabera, “animoz baxu dauden” 43 durangar identifikatu dituzte. Horiei, aldizkako deien bidez "jarraipen intentsiboagoa egitea erabaki dute.

Adinekoak diren durangarrek egun hauetan bizi dezaketen egoeraz kezkatuta, udalak hainbat telefono dei egin ditu. Bi fasetan egin du lan hori. "Lehenengo fasean, 406 dei egin zaizkie bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako pertsonei, 80 dei tailer psikosozialetako parte-hartzaileei eta 14 dei Adinekoen Udal Zentroko jantokiko erabiltzaileei", azaldu du udalak. Bigarren fasean, berriz, herritarren profila zabaltzea erabaki dute. Bikotekideekin bizi diren 80 urtetik gorako 526 laguni deitzen hasi da. Bakarrik bizi diren 75 urte baino gehiagoko 196 ere egin die dei. Baita  "Erretiratuen Etxeko zahartze Aktiboko Programako 99 erabiltzaileri" ere.

Egindako dei guztien artean “animoz baxu dauden” 43 pertsona identifikatu ditu udalak. Horiei, aldizkako deien bidez jarraipen intentsiboagoa egitea erabaki dute arduradunek.

Boluntarioen Laguntza Sarea

Bestalde, Durangoko Udalak azaldu du boluntarioen Laguntza Sareak 37 pertsonari lagundu diela honezkero, eta 22 boluntario durangarrek eskaini dutela zerbitzu hori. Elikagaiak eta botikak erosten, edo zaborra ateratzen lagundu dute. Boluntarioen lan "eredu" dela nabarmendu du udalak. "Azpimarratzekoa da atari eta auzoz auzo adinekoei erakusten ari zareten elkartasuna. Harremanetan jarri ditugun pertsona horien kasuan, elkarren artean mikro-sare berriak sortzen ari direla ikusten ari gara. Gauza bat esan nahi dizuegu: eredu zarete".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!