Beñat Alberdi jokalariak Durangoko Kulturala ordezkatuko du futbol torneo birtual batean

Joseba Derteano 2020ko api. 3a, 17:30
Beñat Alberdi Durangoko Kulturaleko jokalaria.

Konfinamendu eta guzti ere, futbolak ez du atsedenik hartuko. Hori bai, zelaian barik, pantaila baten aurrean jokatuko dira partiduak. Makina bat txapelketa birtual jarri dira martxan azken egunetan. Euretako batean Hirugarren Mailako 4. multzoko taldeek neurtuko dituzte indarrak asteburu honetako torneo batean eta Durangoko Kulturaleko ordezkaria Beñat Alberdi (Durango, 1993) jokalaria izango da.

Tercera Euskadi kontuak (@TerceraEH) antolatu duen txapelketa gaur hasiko da eta FIFA 20 bideojokoan jokatuko dituzte partiduak. "Normalean ez dut askorik jokatzen, baina konfinamendua hasi denetik berriro hasi naiz", onartu du Alberdik. Batez ere, FIFA 19-arekin entrenatu da; azken bertsioa (FIFA 20) oraintsu eskuratu du eta ez du nahi beste denbora izan haren berezitasunak ezagutzeko.

Hala ere, ilusioz heldu dio erronkari. Ponferradina taldearekin jokatuko du, Durangoko Kulturalaren antzerako kamiseta duelako eta antolatzaileek horrela eskatu dutelako. Antolatzaileek talde denen maila parekatu egingo dute, jokalarien errendimenduan alderik egon ez dadin.

Torneo gehiago

Barakaldo futbol klubak antolatutako beste torneo batek Bigarren B Mailako taldeak izango ditu protagonista. Maila horretan dabil Amorebieta futbol kluba eta Gabri Salazar jokalariak ordezkatuko du.

Otxarkoaga futbol klubak, bere aldetik, Ohorezko Mailako taldeei eta maila horretatik beheragokoei zuzendutako txapelketa antolatu du. 112 taldek eman dute izena, tartean eskualdeko hainbatek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!