"Amazon salmenta itzelak egiten ari da; bitartean, guk itxita dugu denda"

Hitz liburu-dendako Gaizka Olabarria oso kritikoa da Amazonegaz; liburu-dendak dekretu bidez itxi dituzten bitartean, salmenta denda erraldoia etxerik etxe liburuak saltzen dabilela salatu du sare sozialetan. "Gure zergak bertan ordaintzen ditugu eta momentu latz honetan gure osasun-zerbitzuetara doaz. Amazonek, aldiz, zergak ez ditu hemen ordaintzen. Ez dio gure gizarteari laguntzen" kritikatu du. Berak ohikoa duen baikortasuna, baina, ez du galdu. "Badago zerbait, eta ez dakit zer den, aurrera jarraitzeko esaten didana", dio. 

Sare sozialetan Amazoni buruzko kexak eta kezkak plazaratu dituzu. Nola eragiten dizue Amazonek konfinamendu garaian eta konfinamendua baino lehen?

Dendari txiki askok, eta bereziki liburu-saltzaileok, aspalditik dakigu Amazon mehatxu bat dela gure bizi-iraupenerako. Amazon liburuak saltzen hasi zen 90. hamarkadan, baina orain denetik saltzen du: bizikletak, arropa, teknologia, janaria... Etxetik, klik bat eginda egin dezakezu erosketa, eta hurrengo egunean -edo ordu batzuetan- zure etxean izan dezakezu erosi duzuna. Arazoa kontsumitzeko modua da, Kapitalismoak eraman gaitu era horretan kontsumitzera. Ez daukagu pazientzarik, bizkor-bizkor nahi dugu dena. Ez gara kalera irtetzen, ez gara dendara joaten, ez diogu saltzaileari aholkua eskatzen... hori denbora galtzea iruditzen zaigu. Gero eta gizarte indibidualistagoa eta lehiakorragoa bihurtzen ari gara. Bestalde, Amazon salmenta itzelak egiten ari da, eta gu aldiz itxita gaude. Dekretuz debekatuta dugu zabaltzea. Gainera, gure zergak bertan ordaintzen ditugu eta momentu latz honetan gure osasun-zerbitzuetara doaz. Amazonek, aldiz, zergak ez ditu hemen ordaintzen, ez dio gure gizarteari laguntzen. Egoera lotsagarria dela iruditzen zait.

Dendari, ostalari eta merkatari txikiek lantegi handiek baino hiru astez atzerago zarratu zenituzten negozioak. Zein da egoeraz egiten duzu irakurketa?

Ulertu, onartu eta babesten dut konfinamendua. Beharrezkoa da koronobirusari aurre egiteko. Baina konfinamendua osoa izan behar da, erabatekoa. Orain ere gu gara kaltetuenak: komertzio txikiak, dendak, tabernak, ostalaritza... eta ahaztu barik sortzaileak: antzerki konpainiak, bertsolariak, musika taldeak... etabar. Azken finean, janaria eta zerbitzu primarioak lantzen ez ditugun autonomoak. Lantegiak baino 15 egun gehiago daramatzagu konfinamentuan, inolango diru-sarrera barik.

"Orain ere gu gara kaltetuenak: komertzio txikiak, dendak, tabernak, ostalaritza. Eta ahaztu barik sortzaileak: antzerki konpainiak, bertsolariak, musika taldeak..."

 

Etorri litekeen egoera ekonomikoaren aurrean, herritarrek kulturan murriztuko ote dute haien eros ahalmena?

Ez dakit gizartea zelan geratuko den egoera honetatik irteten garenean. Suposatzen dut koronabirusak ekonomian eragina izango duela. Koronabirusagaitik edo koronabirusaren aitzakiaz  lantegietan eta tailerretan kaleratzeak egongo dira, baita negozio itxierak ere, enpresari askok egoera aprobetxatuko dute kaleratzeak egiteko; eta kaltetuta geratzen den jendea kultura kontsumitzailea baldin bada, ba agian ez du kulturarik kontsumituko. Horrek kultura arloko langile eta eragileen artean eragina izango du, ziur, eta txarrerako. Hala eta ere,  bezero askok esan didate hau guztira bukatzen denean Hitzera bueltatuko direla libururen bat edo beste erostera. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet.

 

Hiru seme-alabaren aita zara. Nola bizi duzue egoera eta nola ikusten dituzue umeak kalera modu ordenatuan irteteko egiten ari diren eskariak?

Umeengatik asko sufritzen dut. Umeak asko entretenitzen dira elkarrekin jolasten, egunak oso azkar pasatzen zaizkigu etxeko-lan, esku-lan, ipuin eta jolasen artean. Arratsaldeetan bingora jokatzen dugu auzokideekin balkoian. Momentu polita izaten da. Pozik daude, baina kalea faltan botatzen dute, sarri galdetzen digute kalera noiz irten ahal izango diren. Umeentzat  ere oso garrantzitsua da airea hartzea, korrika egitea, itzulipurdiak egitea, beste ume batzuekin egotea,... nik uste dut, egunean behin, eta neurri zorrotzak hartuz, haurrak kalera irteteko baimena behar-beharrezkoa dela. Italian jada heldu da.

"Sare sozialetan bota dizkidaten animoak benetakoak sentitu ditut, den-denak. Badakit bezero asko kontziente direla egoera honetaz, eta badakit konfinamendua bukatzerakoan Hitzera etorriko direla. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet denei"

 

1976an zabaldu zen Hitz liburudenda. Ezbairik gabe Durangoko denda enblematikoetako bat da. Betikoak diren bezeroek zer diotsue?

Leopoldo Zugaza eta Jesus Astigarraga durangarrek zabaldu zuten. Hasieran bertako langilea zen Nekane Bereziartua, gerotxoago Hitzeko jabea bihurtu zen. 2011. urtean Nekane jubilatu egin zen, eta nik hartu nuen erreleboa. Hortaz, 9 urte daramatzat Hitzen. Bai, leku enblematikoa da Hitz liburu-denda Durango eta durangaldekoentzat. Sare sozialetan bota dizkidaten animoak benetakoak sentitu ditut, den-denak. Badakit bezero asko kontziente direla egoera honetaz, eta badakit konfinamendua bukatzerakoan Hitzera etorriko direla. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet denei. Gure modukoak (ekintzaileak, adibidez), berez gara optimistak. Baikortasun barik ez nintzateke inoiz liburu-denda baten abenturan sartuko. Liburu-saltzaileen eta editoreen gremioa beti dago krisian. Baina badago zerbait, eta ez dakit zer den, aurrera jarraitzeko esaten didana. 

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.