"Missourin ohiko bizimodua egiten nenbilen, baina Chicagoko aireportura heltzean bestelako egoera aurkitu nuen"

Joseba Derteano 2020ko api. 1a, 14:00

Ekialdeko kostaldeko hiri haundietatik 1.500 bat kilometrora, Springfield herrian (Missouri, AEB) periferiatik bizi zuten hasieran koronabirusaren hedapena. Jon Koka Juaristi (Durango, 2001) ohiko bizimodua egiten zebilen hango unibertsitatean, biologia molekurraren eta zelularraren inguruko ikasketetan zentratuta. Baina egoera aldatu egin zen ikasleen Spring Break edo udaberriko oporraldiaren ostean.

Zer dela eta zeunden Missourin?
Hango unibertsitateak emandako futbol beka bati esker joan nintzen. Abadiñon, Durangoko Kulturalean eta Eibarren jokatu izan dut. Egoerak ahalbidetzen badu, ikasketa denak hantxe burutzea da asmoa. 

Ameriketako Estatu Batuetara beste herrialde batzuetara baino beranduago heldu zen koronabirusaren krisia. Zuri noiz baldintzatu zizun bizimodua?
Udaberriko lehen egunetan, ikasleek astebeteko oporraldia edo etenaldia izaten dute. Spring Break deitzen zaio eta orain bi-hiru aste izan zen. Ikasleek New York-era eta hiri handietara bidaiatzeko aprobetxatzen dute. Oporraldi hori baino astebete arinago lehenengo koronabirus kasuak eman ziren Amerikako Estatu Batuetan. Udaberriko atsedenalditik bueltan, ikasleek koronabirusa euren herrietara hedatuko zutela uste zuen jendeak. Horren aurrean, hamar unibertsitate nagusienek kanpusak itxi zituzten.

Eta zure unibertsitatean?
Koronabirusaren fokotik nahiko aldentuta zegoen Missouri. Orduan New York, Washington eta Los Angelesen bazeuden kasuak, baina Missourira ez zela helduko pentsatzen zuten. Baina egun batzuetara lehenengo kasuak eman ziren Springfield-en. Unibertsitatea itzi zuten eta nazioarteko ikasleak etxera bueltatu ginen. Ni unibertsitatea itxi eta hurrengo egunean bueltatu nintzen. 

Han egindako lagunek zer kontatzen dizute? Zelan dago egoera han?
Skipe bidez futboleko taldekideekin egoten naiz eta euren egoeraren berri ematen didate. Orain konfinamenduan daude, hemen moduan, eta gutxieneko zerbitzuekin.

Etxera buelta zelakoa izan da?
Handik irten nintzenean oraindik ez geunden konfinamenduan, beraz ohiko bizimodua egiten nuen: entrenatzera joan, kalean egon... baina Chicagoko aireportura heltzean bestelako egoera aurkitu nuen. Denak maskarillekin eta eskularruekin zebiltzan. Madrilera heldu nintzenean, berriz, polizia asko, langileak zoko guztiak desinfektatzen... Lau-bost ordu eman nituen han autobusaren zain. Kalean ez zebilen inor. Pelikula bateko irudia zirudien, baina errealitatea zen. Orain Durangon nago.

Kalean kirola egitera ohituta, zelan daramazu konfinamendua?
Eskaileretan gora eta behera korrika edo kamarotean dugun eliptikarekin ibiltzen naiz. Unibertsitatetik ariketa programa bat bidali digute, baina etxetik irten barik zaila da hori betetzea. Ikasten jarraitzen dut hemendik, internet bidezko klaseei esker. 

Biologia molekurraren eta zelularraren inguruko ikasketak egiten zabiltza. Birusen gaineko ikasgairik baduzue?
Azken urte bietan mikrobiologian espezializatu nahi nuke, eta horrek badu zerikusia birusekin. Orain ikusten nabil zelako hedadura hartu dezaketen holako kontuek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!