[ARGAZKIAK] Naturara bidaia, etxetik irten beharrik barik

Anboto 2020ko api. 1a, 18:00

Etxeko lau paretetatik kanpora, naturak bere ohiko bidean jarraitzen du, gizakien gorabeherei erreparatu gabe. Birusak ez ditu itsasoko mareak geratu, eguzkiak bere eguneroko bidea marrazten darrai zeruan eta izarrek ez diote hutsik egiten gaueroko hitzorduari. Urteetan, Kepa Bordes durangarrak naturako irudi ederrak hilezkortu ditu bere kamaragaz. Artxibo zabal horretako sei irudi aukeratu eta ANBOTOko irakurleekin partekatzeko eskatu diogu. Hona hemen sei argazkiak, berak emandako azalpenekin. Naturara ezin badugu joan, datorrela natura gugana!

1- Stellisee Lake

"Bidai berezi bateko argazkia da Suitzako Alpeetako hau. Ginebran bizi ziren lagun batzuen laguntzaz asteburuko mendi-argazkigintza irteera bat prestatu genuen, perseida gauarekin bat eginez.

Bost orduko ibilialdia egin ondoren, iluntzeko eta gaueko argazkiak atera genituen Stellisee lakutik, Materhorn (Cervino) eta izarren ikuskizunarekin".


2- Fairy Glen

" 'Maitagarrien ezkutalekua', horrela deritzo leku honi, Fairy Glen 'maitagarrien bailara'-n dagoen toki izkutu bat da.

Eskoziako eta, zehazki, Skye irlako toki berezi bat da, non arraroa baldin bada ere, eguzkia izkutatzen ikusi baigenuen lainorik gabeko zeru garbi batean".


3- Devetashka Caves, Bulgaria

Bulgaria, herrialde ezezaguna da, baina toki interesgarriak ditu, oso ezagunak ez direnak. Adibidez, Devetashka kobak, forma berezia dutenak eta gaur egun hainbat animaliren ezkutaleku direnak. 30.000 xaguzahar baino gehiago bizi direla uste da.


4- Arco de Tajao

Kanariar irletan munduko zeru garbienetakoak daude, oso aproposak gauean izarrak ikusteko.

Hemen, Tenerifen, 'Arco de Tajao'-n ateratako argazki bat; ordu t'erdi inguruko argazki bat, non lurraren mugimendua aprobetxatuta izarren mugimendu efektua lortzen den.



5- Tagle

Beste ikuspuntu batetik ateratako argazki bat jostailu berriarekin, kasu honetan Kantabria aldeko kosta eta flyschak.


6- Gure bazterrak

Etxeko bat ere sartu beharra dago, 2018ko Gabonetako egunsenti bat, lankide batzuekin goizean goiz atarakoa Aitxiki eta Alluitz parean, ezkerrean Udalaitz eta erdibidean eguneko lehen eguzki izpiak ikusten direla.
(Argazki gehiago Instagramen: @kepasapitis)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!