Zer gaitasun du ikastolak konfinamendu garaiotan egoerari aurre egiteko?
Unibertsitateek dituzten baino premia gehiago ditugula esango nuke, ikastolan adin tarte zabala dugu eta. Lanketa bat egingo dugu Streaming bidezko klaseak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aplikatu edo ez erabakitzeko. Gainerako adin tarteetan beste era batera lan egin beharko dugu. Horretarako, etxerako lanak eta digitalizazioak aukerak areagotzen dizkigute. Denborak aurrera egin ahala egokitzen joango gara.
Ikasgelako ordenagailuen erabilera sostengatuko duzue, beraz?
Teknologiek aukera berriak ematen dituzte. Gure helburua, egunotan, irakaskuntza jarduna bermatzea da, eta teknologiak laguntzen digu horretan. Ikastolen Elkartearen barruan batzar bat egin genuen ikastetxeok, datozen egunetako pausoak eta ikasleek eta familiek dute lehentasuna markatzeko.
Zein neurritako zerbitzua eskaintzen ari zarete? Jantokiak eta beste hainbat zerbitzuk zabalik jarraitzen dute?
Gutxieneko zerbitzuak bermatu gura ditugu, eta hori alor akademikora bakarrik mugatuko da. Irakasleek, fisikoki zein streaming bidez, lanean jarduteko aukera izango dute.
Baliteke konfinamendua oraindino gehiago luzatzea. Irakaskuntzan horri aurre egiteko moduan zaudetela uste duzu?
Aldatu egin beharko dugu materia emateko ordutegiak eta ikasgaiak aurrera eramateko modua. Ez daukagu aurre egiteko formula perfekturik, baina ikasgaiak eurak eta ikasgai horiek emateko era gaur egun daukagun eremura egokitu beharko dugu. Ez ditugu buruan Aste Santutik haragoko egunak, erkidegoko hedabide batzuek aurreratu duten lez ez garelako gai jakiteko noiz amaituko den hau, egunez egun aldatzen doalako egoera.
Zein da, egoera akademikoa aztertuta, gurasoek duten jarrera behin-behineko hezkuntza formatu berriarekiko?
Gurasoak zoragarri portatzen ari dira, jakitun dira-eta zein den ikastetxeon egoera.