“Talde nagusira batzeko erabakia hartu badut, bertan lagunak ditudalako izan da”

Joseba Derteano 2020ko mar. 13a, 10:30

Abadiño Xake Taldea Euskadiko Ohorezko Mailara igo zen joan zen asteburuan. Lorpen horren meritua Ibon Martinek, Alain Prietok, Jon Lagosek eta Ieray Galtzagorrik osatutako taldearena da. Ieray Galtzagorri (Durango, 1984) talde nagusira bueltatu da, urte batzuetan erretiratuta egin ondoren. Bere ekarpena garrantzitsua izan da mailaz igo ahal izateko.

Pozik zaude igoeragaz?
Bai, mailaz igotzea zen asmoa eta lortu dugu. Klubarentzat albiste ona da. Uste dut liga txukuna egin dugula denok.

Zu zeu, zelan sentitu zara?
Hasieran ez nuen talde nagusian aritu gura, baina jendea falta zela-eta konbentzitu ninduten eta behin dinamikan sartuta gustura aritu naiz.

Erretirotik bueltatu zara.
Iaz bueltatu nintzen, baina ez talde nagusira. Gazteei tokia utzi behar zaie, eta, gainera, ez nuen erantzukizun hori gura. Kontuan hartu bederatzi urte nituenetik nabilela xakean. Denerik bizi izan dut, bolada onekin, bolada eskasekin, beste bolada batzuetan xaketik desagertuta… Nik maila denetan jokatu dut Abadiñogaz, hara eta hona ibili naiz, makina bat txapelketa jokatu dut… Esperientzia handia hartu dut 24 urtean. Kirol batean hainbeste urtean zabiltzanean, ez da erraza motibazioa bilatzea. Berez, oraintxe bertan, nire asmoa hurrengo denboraldian talde nagusian ez jarraitzea da, edo behintzat ez dut argi zer egingo dudan. Ikusiko dugu denbora apur bat pasatzen denean zelan sentitzen naizen.

Konbentzitzen ahaleginduko dira. Dena beharko da Euskadiko maila gorenean lehiatzeko.
A, bai, seguru, urteroko kontua da. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Azkenean, urteetan aurrera egin ahala beste ardura batzuk sortzen dira eta beste interes eta ilusio batzuekin zabiltza. Talde nagusira batzeko erabakia hartu badut, bertan lagunak ditudalako izan da. Lagunekin jarraitzea bada arrazoi bat talde nagusian aritzeko; lehiak berak ez nau hainbeste erakartzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!