“Urte honetan soinu astunekin eta noise-agaz jolastu gara, era naturalean, horrela irten zaizkigulako kantak”

Aritz Maldonado 2020ko mar. 13a, 11:55

Pinpilinpussies taldea ibilbide meteorikoa edukitzen ari dira. Gaur, martxoak 13, 'Fuerza 3' diskoa kaleratuko dute. Garagearen, rockaren eta punkaren indarra melodia itsaskorrekin batura erakusten du lanak, berau osatzen duten bederatzi abestietan zehar. Sasoi betean heldu ziren grabaketara, izan ere, talde gaztea izan arren [2018an sortu zen] 50 bat zuzeneko eskaini dituzte hileotan. Raquel Pagesek eta Ane Barcena durangarrak osatzen dute Pinpilinpussies. Diskoa Aloud Records diskoetxe ezagunagaz kaleratu dute. Orain, 'Fuerza 3' zuzenean aurkezteari ekingo diote.

2018an berba egin genuenetik, dezente hazi zarete: EP bat grabatu duzue. Lehenengo diskoa kaleratu, eta dozenaka kontzertu eskaini dituzue. Gustura egindako bideagaz?
Pozik gaudela esanda labur geratuko ginateke. Lehenengo EPa grabatu genuenean ez genuen imajinatu etorriko zena; zuzenean pilo bat aritu gara, jende mordoa ezagutu dugu... Ikusiko dugu Fuerza 3egaz zer gertatuko den, baina, oraingoz, jendea topera dabil kontzertuetan, eta taldeak harrera ona du zuzenekoetan zein prentsaren arloan.

Zein norabide hartu gura izan duzue 'Fuerza 3' diskoagaz? Melodiek pisu handia dute, baina aurrekoan baino distortsio gehiago aurkitu daiteke, eta erritmo astunak ere nabariak dira.
Ez genuen norabide zehatzik marraztu soinu aldetik. Egia da lehenengo EPak pop doinu gehiago dituela, orain urtebeteko momentua islatzen zuelako. Urte honetan, baina, soinu astunekin eta noise-agaz jolastu gara, gura barik, horrela irten zitzaizkigulako kantak; bion influentziak desberdinak dira. Bigarren anplifikadore bat erosi genuen, eta eboluzio guztiz naturala dela esan genezake. Zuzenekoetan kanta "zaharrek" ere badute lekua oraindino, eta sonoritate horien guztien batura da gaur egun Pinpilinpussies dena.

Sevillan grabatu duzue, Raul Perezegaz. Zelan?
Bikain! Lau egunean egon ginen bere etxe-estudioan. Leku zoragarria da, eta, gainera, Raulek etxekoak izango bagina lez tratatu gintuen. Pijaman grabatu genituen kantak, literalki. Oso jatorra da, eta profesionalki maisu handia. Kantuak oso prestatuta eraman genituen, baina berak bere magia gehitu zien. Errepikatzeko modukoa izan da, dudarik barik.

Zaila egin zaizue zuzeneko indar hori diskora eramatea?
Ez. Azken batean, diskoak eta zuzenekoak pertsonalitate desberdinak dituzte. Era desberdin bitan disfrutatzeko pentsatuta daude, eta ezin dira biak konparatu. Guk uste dugu diskoan entzuten dena gustuko izanez gero, kontzertuetan oso ondo pasatuko duzula, eta alderantziz, kontzertuan ondo pasatuz gero, diskoa gustatuko zaizula. Energia behar baduzu, goizean goiz Fuerza 3 ipini, eta etxetik gogotsu irtengo duzu.

Biek bateria jotzen duzue, biek gitarra jotzen duzue, biek abesten duzue. Zelan erabakitzen duzue nork egingo duen zer?
Bakoitzak gitarragaz konposatu dituen kantak jotzen ditugu, gitarragaz eta ahots nagusi moduan. Kanta bat konposatuta dagoenean, idatzi duenak entsegu lokalean jotzen du. Gero, besteak bateria gehitzen dio. Ondoren datoz konponketak, hitzak... Bion artean gorenera eramaten ditugu kantak.

Irudiari ere garrantzia ematen diozue, bai zuzenekoetan, bai diskoaren edo bideokliparen diseinuetan. 
Hala da. Irudiak inpaktu bat sortzen du eta era askotara laguntzen du. Adibidez, jendeak zure musikari aurpegia edo begiak jartzen dizkiolako, zeuk aukeratutakoak, gainera. Dena norantza berdinean doa. Gainera, Ariadna Schneider  Bartzelonako ilustratzaileak [@amerwall Instagramen] kontzertuetako kartelak zein diskoetako artwork guztiak egiten dizkigu. Zorte ona dugu beragaz lan egiteagatik. Ilustratzaile aparta da! (kuxkuxeatu bere profila).

Zelan Aloudegaz lanean?
Oso ondo! Aloudeko kideek asko zaintzen gaituzte. Familia txiki bateko parte garela esaten dugu beti. Gainera, balio etiko eta moralak aurretik doaz beti, eta musika industrian ez da beti horrela izaten. Zorte ona dugu Aloudegaz lanean aritzeagatik.

Durangon, Elorrion eta Berrizen egon zarete kontzertuak eskaintzen. Itzuliko zarete Durangaldera etorkizun hurbil batean?
Hori gura genuke! Udazkenean estatutik biran ibiliko gara, baina oraindino ezin dugu ezer gehiagorik zehaztu. Ez dut zalantzarik Euskadira bueltatuko garela, asko gustatzen zaigulako bertan jotzea. Oso ondo tratatzen gaituzue, zer esango dizut, ba! (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!