Baleukoren azken lana asteburuan helduko da Durangaldeko zinemetara

Aritz Maldonado 2020ko mar. 6a, 12:00

Durangoko Baleuko ekoiztetxeak Sonora ekoiztetxeagaz elkarlanean egin duen El doble más quince pelikula zinema aretoetara helduko da asteburu honetan. Besteak beste, Durangoko Zugaza zinema aretoan ikusi daiteke.

Mikel Ruedak zuzendu du El doble más quince. Maribel Verdú eta German Alcarazu dira pelikulako protagonistak; Ana eta Erik dira euren pertsonaiak, 45 eta 17 urte dituzte, hurrenez hurren, eta sex-chat bidez elkar ezagutu dute. "Ana eta Eric, Eric eta Ana. Biak galduta daude. Ez dakite zer egin euren bizitzekin", adierazi du zuzendariak. Horrela, Rueda gizakiaren alderik "gizatiarrena" erakusten ahalegindu da filmean. "Beldurragatik ezkutatu ohi dugun alde hori erakutsi gura izan dut, bizirik gaudela erakusten duena delako, aurrera egiten laguntzen diguna delako", gaineratu du. Zuzendariak berak antzeko egoera bat bizi izan zuela onartu du, gainera. "Bizitzan zirt edo zart egin ez nekiela egon nintzen orain urte bi inguru; egoerak nerabezarora eta heldutasunera aldi berean hurbiltzen ninduen, eta, zorionez, konpondu ahal izan nuen. Mundu bi horiek ikaragarri erakartzen naute, nortzuk garen eta nora goazen argitzeko erabakigarriak direlako", esan du.

Adinaren krisia
Rueda zuzendariaren berbetan, pelikula interesgarria izan daiteke adin tarte desberdinetako pertsonentzat. "Pertsonaia biak krisi betean daude, gazteak zein adinean aurrerago daudenak", argitu du. Anaren pertsonaiak emakumeengan sortu dezakeen eragina ere azpimarratu gura izan du egileak: "Dudak, beldurrak eta bizi dituen sentsazioak hurbilekoak izan daitezke emakume askorentzat, batez ere 35etik 55 urtera bitarteko emakumeentzat". Protagonista bien artean sortzen den lotura hori da pelikularen ardatza. "Bien arteko adin desberdintasuna ez da arrakala bat; are gehiago, batu egiten ditu. Askotan ez da beharrezkoa argudio handiak edukitzea, edo bakarrizketa handiak izatea bidean elkar laguntzeko. Erikek eta Anak nahikoa dute bata bestearen ondoan egoteagaz, lagunduta sentitzeagaz. Biak batzen dituen ezaugarri bat dute: beldur dira", azpimarratu du.

"Etiketarik ez"
Gaurtik aurrera ikusgai egongo da Durangoko Zugazan. Ordutegia ANBOTOko agendan dago ikusgai.Durangaldeko beste aretoetara heltzea aurreikusten dute Baleukotik. Horrez gainera, Mikel Rueda zuzendariak publikoaren aldetik erantzun positiboa edukitzea itxaroten du. Horretarako, generoetatik harago begiratzeko deia egiten du. "Drama erromantiko lez definitu ahalko litzateke, baina gidoiaren izaera existentzialista ukatuko litzateke horrela. Egokiena norberak gidoia irakurri eta erabakitzea litzateke, inor ez duelako epel utziko", adierazi du Ruedak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!