Emakumeen Nazioarteko Eguna

"Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra" garatzeko neurriak hartzea erabaki du Durangoko Udalak

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 5a, 12:41

Udal-langileen soldata-egituraren diagnostikoa egitea, genero klausula eta klausula soziala ipintzea, emakume gazteen ahalduntzea bultzatzea, eta herriko eragile feministekin indarkeria matxistaren aurkako politikak diseinatu eta ebaluatuko dituela erabaki du. Udalbatza osatzen duten lau indar politikoetako ordezkarien adierazpen instituzional bateratua egin dute.

Durangoko Udalaren Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala:

Urtetan mobilizazio ugariak egin eta bi greba feminista izan ondoren, kaleetako aldarria argia da, erabatekoa: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea.Ez dago atzera bueltarik, feminismoa geldiezina da eta indartsua eta zeharkakoa dela erakutsi du. Horregatik, ez dugu atzerapausorik emango, bat ere ez. Belaunaldi ezberdinetako emakumeek askatasuna izateko ausardiaz eta determinazioz borrokatu izan dute. Askatasun hori egun ondare kolektiboa da berauei esker. Beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politiko bat izatea.Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori gure gain hartzea, eta, gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak —guzti-guztiak, salbuespenik gabe— hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egin dezagun.Lanean jarraitu behar dugu emakumeok dagokigun tokia izan arte, gizarte paritaria eta partehartzaile bat izatera lortu arte, gure erabakiak hartzeko eskubidea osoa dugun gizarte bat izan arte.Eskatzen digute guztionak diren baliabideak erabil ditzagun emakumeen eta gizonen artean dauden sakoneko desparekotasunei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe, lan-errealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren orientazioaren, administrazio-egoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariei erantzunez.

Premiazko egoera horren aurrean, erabateko konpromiso bat hartu behar dugu gure udalerrietako pertsonekin, berdintasunaren eta justiziaren alde.Eta konpromiso hori har dezakegu, berdintasuna, gizarteak orohar mezu bakar bat bezala hartzen baldin badu emakumeen ahalduntzea lortuz. Eta bakar-bakarrik lortuko ditugu gure bizitzekin zerikusia duten erabaki guztiak bizi garen tokian hartzen baditugu, gure lurraldeetan, gure herrialdean; hau da, subirano izan bagaitezke eta gure erabakitzeko eskubidea baliatzeko moduan bagaude.

Euskal herritar guztien erabakiak errespetatuko dituen esparru politiko eta instituzional bat eskatzeko eta eraikitzeko lanean jarraitzen dugun bitartean, subiranotasun feminista noranzko ugariko bide baten antzera agertzen da, emakume guztien askatasunak berreskuratzeko eta eskubideak zabaltzeko prozesu baten antzera, non egunero-egunero definituko eta gauzatuko dugun gure burua gobernatzeko zer egin nahi dugun eta gure herrialdearentzat zer bizi-baldintza nahi ditugun, guztiontzat, salbuespenik gabe, eta belaunaldi gazteenen etorkizuna hipotekatu gabe.Beharrezkoa da maila instituzional guztietatik lanean etenik gabe jarraitzea, koordinatuta eta ikuspegi subiranista zabal batekin, eta lehentasunak identifikatuz politika feministetan aurrerapauso sendoak egiteko, eremu guztietan eskubide eta askatasunak zabaltzearren.

Instituzioetan ere feminismoa egunero defendatzen eta eraikitzen delako, M8ak balio behar du, halaber, Udal honek politika feministen alde hartu du(t)en konpromisoa berresteko, emakumeen erabakitzeko eskubidea abiapuntua, euren bizitzak zeharka hobetzera zuzentzen diren arlo guztietako politika feministekin, azpimarra berezia jarriz egoera zaurgarriago batean dauden emakume-kolektiboengan.

Horregatik guztiagatik, Durangoko Udalak honako hau erabaki du:

  1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorraren bidean aurreratzeko neurri sorta bat garatzea udalerrian, beharrezkoak izango diren baliabide guztiak bermatuz:
  • Lanbide edo beste erakunde batzuekin bultzatzen diren enplegu-planen genero ikuspegia izango duen analisia egiten jarraitzea, eta sexuaren araberako eskaintzen den formakuntza eta enpleguen segregazioaren aurka neurriak diseinatzea eta abian jartzea.
  • Udaleko langileen soldata-egituraren (I Kap.) diagnostikoa egitea genero ikuspegitik, eta horren arabera soldata arrakalaren aurkako premiazko plana abiatzea. Halaber, langileentzako kontziliazio neurriak aztertuko dira, gizonek har ditzaten bultzatzeko asmoz.
  • Udal kontratazio publikoan klausula sozial eta genero klausuletan Eusko Jaurlaritzaren legeak dioena bete.
  • Durangoko emakumeek baliabide, ondasun eta zerbitzuak hautatzeko dituzten baldintza eta egoerak aztertu, baita egunerokotasunean sor daitezkeen ezberdintasunak identifikatu eta ekidin.  
  • Martxan jarri ekintza ezberdinak besteak beste, zaintzen aitortza soziala eta gizon eta emakumeen erantzunkidetasuna bultzatzeko eta udaleko zerbitzu sozialen garatu eta hobetzeko, lan baldintza duinak bermatuz, bereziki Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuan.
  • Udalerriko emakumeek egindako ekarpena balorean jartzeko memoria historikoa lantzea.
  • Jabekuntza Eskolak, Andragunea eta beste espazio autogestionatuak bultzatzea edota indartzea, programa edota berrikuntzak sortzeko bitartekoak erraztuz, betiere ahalduntze ikuspegi feminista batetik.
  • Gazteei zuzendutako politiketan, emakume gazteen ahalduntzea bultzatzea. Hezkuntza komunitatearekin batera hezkuntza sexu-afektiboa eta ikasketen aukeraketan neska eta mutilen arteko berdintasuna lantzera zuzendutako jarduerak jasotzea.
  • Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarearekin (Berdinsarea) elkarlanean jarraitu.
  • Durangoko elkarte feministekin etengabeko harremana mantendu berdintasunaren eta biolentzia matxistaren aurkako politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko.
  1. Lan espazio bat sortzeko prozesu parte hartzailearekin jarraitu non udaleko teknikari eta politikoek, mugimendu feministak eta hezkuntza, osasuna edo arlo sozialeko beste eragile batzuk parte hartuko duten. Espazio honek berdintasun politika publikoen diseinua, jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu (tartean, indarkeria matxisten aurreko protokoloak, jai parekideak, kanpainak etab.) eta arreta berezia jarriko du parte hartze politikorako zailtasun bereziak dituzten emakume kolektiboen parte hartzean.

Azkenik, Durangoko udal honek herritarrei deia luzatzen die Martxoaren 8an, Mugimendu Feministak edota Udalak antolatutako ekintza edo mobilizazioetan partea hartzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!