Emakumeen Nazioarteko Eguna

Maria Jesus Cueto 40 urteko bere ibilbide artistikoaz arituko da Durangoko Arte eta Historia Museoan

Aritz Maldonado 2020ko mar. 5a, 11:01

Durangoko Arte eta Historia Museoak emakume baten erakusketagaz eman gura izan dio hasiera ekitaldi berriari. Hain zuzen ere, María Jesús Cuetoren Aztarnak denboran zehar erakusketa ikusgai egongo da martxoaren 8ra arte. Durangoko Udalak ere, lan esperientzia emakume baten ikuspuntutik entzuna izateko berbaldia antolatu du martxoaren 6rako. Cueto artista eta irakasleak lau hamarkadako ibilbidea darama artegintzan. Eskulturaren esparrua jorratzen du, batez ere. Hala ere, bestelako diziplinekin ere ausartu da bere ibilbide osoan zehar. 

Erakusketan, besteak beste, Burdinaren arima delako artelanaren irudiak daude ikusgai. Gaur egun, Azterlanek Aliendalden duen gunean dago pieza hori. 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo erasoetako biktimak gogoratzeko, performance bat ere egongo da ikusgai Durangoko museoan, erakusketa honek irauten duen bitartean.

Diziplinartekotasuna

1979tik 2019ra bitartean eginiko lanak biltzen ditu erakusketak, eta horrek "berezi" egiten du Cuetoren ustez: "Ikerketa eta sorkuntza oso lotuta egon dira nire kasuan, eta, horri eskerrak, hainbat diziplina garatu ahal izan ditut. Erakusketa honetan bildutakoak ez dira egin ditudan proiektu guztiak, baina dauden denak oso esanguratsuak dira niretzako".  Proiektuetan eskultura eta arkitektura batzen dira gehienbat, eta paisaiekin ere lan egiten dute askotan.

Bisita gidatuak

Artistaren obra hurbilagotik ezagutu ahal izateko, bisita gidatuak eskaini ohi dira museoan. Bi geratzen dira oraindino. Lehenengoa zapatu honetan da. Martxoaren 3an, beste aukera bat egongo da Aztarnak denboran zehar erakusketaz gozatzeko, 18:30ean

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!