Ager Sarduik egoera pertsonalaren eta zinegotzi karguaren arteko bateratze zailtasunak azaldu ditu. "2019ko uztailaren 1ean erronka profesional berri bati ekin nion, eta hasiera batean nire zeregin profesionala eta Durangoko zinegotzi izatea uztartzea pentsatu nuen arren, denborak arrazoia kendu dit". Orain arte Durangoko Udaleko EAJ-PNVren zerrendan hirugarrena izan denak aitortu du oso erabaki mingarria izan dela: "% 100ean sinesten dudan proiektu bat alde batera utzi behar izan dudalako. Talde bikaina dugu, bai maila pertsonalean, bai profesionalean. Talde onena Durangorentzat" azaldu du Sarduik.
Sarduiren ordezkoa: Mikel Ortega Marañon
Hemendik aurrera, Mikel Ortega Marañonek beteko du Ager Sarduiren tokia. 28 urte ditu Ortegak eta Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da. Finantza Masterra eta Kanpo Merkataritza dituela azaldu du Durangoko EAJk. Ortegak adierazi duenez, "ilusio handiarekin" hartu duen "erronka polita" da kargu berria.