Durangoko EAJk dio otsailaren 28an HAZn eginiko eskaera "arautegia betearazteko" asmoagaz egin zuela

Anboto 2020ko mar. 3a, 22:28
Mireia Elkororibe (erdian), Durangoko EAJko kideek lagunduta duela egun batzuk eman zuten prentsaurrekoan

EAJren arabera, otsailaren 28an Herritarren Arreta Zerbitzuaren bidez Durangoko Udalari eginiko eskaerak helburu bakarra zuen: "Durangoko kaleetan dauden, eta zikinkeria eta arduragabekeria sentsazioa sortzen duten kartelak eta pankartak kentzea eta margoketak garbitzea".

Ohar batekin erantzun dio EAJk EH Bilduk goizean igorritako mezuari. Hain zuzen ere, "dispertsioaren aurkako" kartel bat kentzea eskatzea leporatu dio bertan EH Bilduk EAJri. Jeltzaleek, ostera, eskariaren helburua "indarrean dagoen araudia betearaztea" dela erantzun dute. "Durangok atsegina izaten jarraitzea gura dugu, bai bertan bizi garenontzat, bai kanpotik bisitan datozenentzat".

EAJk HAZn eginiko eskaera orriaren kopia ere bidali du oharragaz batera. Bertan, 40 Minutu Rock jaialdiaren baitan "Durangoko Udalaren berariazko baimenik barik Landako Gunean jarritako kartel eta pankartak" jarri zirela adierazten du Mireia Elkoroiribek. Hori dela eta, legedia betetzeko eskatzen du HAZn eginiko eskarian, eta horretatako "baimenik gabeko kartel eta pankartak kentzea edota arau apurketa larri honi dagozkion zigorrak ezartzea" eskatuz.

Oharra amaitzeko, oposizio lana "erantzukizunez eta seriotasunez" egiten jarraituko duela iragarri du alderdi jeltzaleak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!