Dispertsioaren aurkako pankarta bat jartzearren, 40 Minutu Rock "zigortzea" eskatu du Mireia Elkoroiribek, EH Bilduren esanetan

Joseba Derteano 2020ko mar. 3a, 14:10
(Argazkia: 40 Minutu Rock)

Durangoko EAJren bozeramaileak "antolatzaileen aurkako isunak inposatzea" eskatu izana salatu dute Durangoko EH Bildutik.

Joan zen asteburuan 40 Minutu Rock jaialdia egin zuten Durangoko Landako Gunean; dispertsioarekin amaitzeko helburuarekin antolatzen duten musika jaialdiak seigarren edizioa bete du aurten. Bertan, euskal presoak Euskal Herrira gerturatzea aldarrikatzen duen pankarta bat eskegi zuten.

Horren harira, Mireia Elkoroiribe Durangoko EAJko bozeramaileak "jaialdian pankarta hori eskegi izana salatu" duela jakinarazi du Durangoko EH Bilduk; "antolatzaileen aurkako isunak inposatzea" eskatu duela ere gehitu dute ohar berdinean. Salaketa horrekin "zigorren bidez adierazpen eskubidea urratzea" eta "eskuin muturreko diskurtsoetara hurbiltzea" leporatu diote. Gainera, Durangoko EH Bilduren ustez, "durangar gehiengoaren iritziaren aurka posizionatu da" eta EAJren irizpidea "kontraesan" du. "Euskal presoen giza eskubideen eta gerturatzearen alde adierazi da behin eta berriz Euskal Herriko alderdi politikoen gehiengoa, besteak beste, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta EAJ. Euskal Herritarron artean kontsentsu zabala lortu duen aldarria da presoen etxeratzea", talde subiranistaren esanetan.

Jaialdiak Landako Gunearen "erabilera baimen guztiak" zituela eta ikuskaritza denak "gainditu" zituela azaldu dute eta presoak Euskal Herrira gerturatzeko aldarria edizio guztietan "presente" egon dela. Azkenik, oposizio "arduratsua eta eraikitzailea" egiteko eskatu diote Elkoroiriberi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!