Asteburuko Aukera Azokan askotariko produktuak salduko dituzte, ohi baino prezio merkeagoan

Joseba Derteano 2020ko mar. 2a, 15:32

Datorren ostiraletik igandera, Durangoko 15. Aukera Azoka egingo dute Landako Gunean.

Durangoko eta Iurretako 28 establezimenduk hartuko dute parte. Euretan denboraldi honetako eta beste batzuetako produktuak egongo dira salgai, ohi baino prezio merkeagoan: Haurrentzako zein nagusientzako arropa, kirol dendak, oinetakoak, etxerako tresnak, kotxeak, optika… Aurtengo neguko denboraldia “ ez da ona izan”, Oliver dendako Agurne Azkaratek prentsaurrekoan adierazi duenez. “Stock-a husten laguntzeko deia egiten deigu herritarrei. Guretzako, komertzio txikiarentzat, oso gogorra izaten ari da”, adierazi du.

Aurten ere gune gastronomikoa jarriko dute eta Baqué, Gozatu eta Saltsanek askotariko gazi eta gozoak eskainiko dituzte.

Txikientzat aisialdirako gune bat egongo da. Nagusiak erosketak egiten dituzten bitartean umeak txikipark-ean egon ahalko dira monitoreen zaintzapean. Larunbatean, 13:00etan, ingelesezko ipuin- kontaketa Saioa eskainiko du Kids&Us akademiak.

Ordutegia honako hau izango da: ostiral eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara; domekan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

800 euro deskontu txarteletan

Bai azokan zein Durangoko saltokietan erosketak egiten dituztenen artean —martxoaren 2tik 8ra—, 800 euro zozketatuko dituzte deskontu txarteletan. Horretarako, azokan ematen den txartela bete behar da, azokako bertako zein Durangoko saltokietako erosketa tiketa erantsi behar zaio eta azokan kokatutako buzoian entregatu beharko da.

Aurreko urteetan bezala, sarrera doakoa izango da eta erosketak egiten dituztenek 2 ordu dohainik izango dituzte Landako Guneko aparkalekuan.

Ekimena Dendak Bai elkarteak antolatuko du, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren eta Durangoko Udalaren laguntzarekin.

Dendak Bai elkarteko Amaia Munitxa, Alex Palacios eta Agurne Azkarate gaurko prentsaurrekoan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!