“Beti pentsatu dut trikitian panderoak agintzen duela; erritmoak agintzen du”

Aitziber Basauri 2020ko mar. 1a, 10:20

Trikitia inguratzen duen giroak lagunduta adiskidetu zen panderoagaz Ainhoa Bereinkua (Durango, 1970). Aitak derrigortuta hasi zen-eta panderoa jotzen. Hala ere, gaur egun, oso ondo pasatzen duela aitortu du. Gazteak En Tol Sarmientoren kantek motibatzen dituztela dio. Nagusiek, ostera, gurago dituzte Xabier Aburruzaga, Kepa Junkera edo Iker Solano. Kainabera, koilarak, txaramela... ere jotzen ditu.

Osasuntsu ikusten duzu panderoa?
Ez du momentu txarra bizi. Sasoi batean, arazoak egon ziren soinua jotzen irakasteko jendea topatzeko, eta, soinularirik ez badago, askoz ere zailagoa da panderoa kalera ateratzea. Biak elkarregaz doaz. Durangaldean badaude trikiti talde gazteak bidea urratu guran.

Ematen du panderoa instrumentu laguntzailea dela. Badu bakarlari izateko gaitasunik?
Bai, badu. Galizian pandeiradek [pandero eta ahotsez osatutako taldea] indar handia dute. Euskal Herrian ez da panderoa bera bakarrik entzuten. Hor dugu Sorginak perkusio taldea. Hala ere, askotan, Kepa Junkeragaz lotzen dugu. Gainera, panderoa aipatzean, txapa mordoagaz irudikatzen dugu. Eta ez du zertan horrela izan. Eboluzionatzen joan da, eta aukera zabala da: galiziarrak, valentziarrak, asturiarrak... Tolosako Aguirre pandero egileak txapa bikoak egiten zituen. Gura dugun soinuaren arabera egingo dugu aukera.

Itxuraz, erraza da panderoa; xumea, konplikaziorik bakoa...
Oinarrizkoa jotzea erraza da. Abestiari erritmoa atera eta hori eramatea erraza da. Beste kontu bat da panderoak ematen dituen aukerak: bere adornoak ditu, kolpeak, isiluneak... ipinitako grazia. Kaxoi flamenkoagaz berdin gertatzen da. Izugarri gustatzen zait, eta ez dut arazorik arin-arin bat jotzeko, baina hori baino gehiago da.

Txapelketetan aritua zara?
Ikustera joan naiz, baina inoiz ere ez naute erakarri. Eneritz ahizpagaz jo dut beti gustura. Hartu-eman bat sortzen da, feeling bat, soinulariaren eta panderojolearen artean, ohitura kontua da. Ezagutzen dut eta badakit nora joko duen. Ez zait gustatu txapelketetan ikusitakoa, inoiz ere ez ditut ondo ulertu balorazioak.

Zer esan gura duzu?
Askotan sentsazioa dut soinuak eta panderoak egiten duten taldea ez dela osotasunean baloratu. Konplizitatea, jarrera, abesteko era... asko baloratzen ditut. Egia da soinulariak pisu handia duela, panderoa horretara moldatzen dela. Baina beti pentsatu dut trikitian panderoak agintzen duela; erritmoak agintzen du.

Hala ere, bigarren mailan geratzen da?
Ez. Txapelketa eta kalejirak mundu bi dira. Gu ez gara panderoa jotzera mugatzen, ikasleei beti esaten diet. Soinulariak nahikoa du pieza ikasita, panderojoleak erakarri egin behar du, ahotsagaz, aupadekin.. jarrera da kontua.

Zer eman dizu panderoak?
Jende asko ezagutzeko aukera, eta bizipoza. Umore txarrean egon zintezke, triste, baina jai giroan murgiltzera, aurpegia aldatzera behartzen zaitu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!