Milaka musikazalek Landako Gunea beteko dute beste urte batez, euskal presoen eskubideen aldeko elkartasunezko musika maratoian

Aritz Maldonado 2020ko ots. 28a, 11:00

Seigarren urtez, 40 Minutu Rock elkartasunezko musika jaialdiak musikazalez beteko du Landako Gunea; izan ere, sarrera guztiak agortuta daude orain dela hainbat astetatik.

Landako Guneak 10:30ean zabalduko ditu ateak, eta, horren ostean, hamazazpi musika taldek oholtza nagusi biak eta karpa txikiko taula partekatuko dituzte. Tximeleta talde nafarra arduratuko da ikusle goiztiarrenak dantzan jartzeaz. Urtero legez, musikazaleek zer ikusi eta zer entzun izango dute. Besteak beste, Skakeitan taldea igoko da oholtzara. 12:15ean izango da euren emanaldia. Ostean, Rotten XIII taldearen txanda izango da; nafarrak iaz jotzeakoak ziren, baina taldekide baten heriotzagatik euren kontzertua bertan behera geratu zen.

Gero, Mocker´s talde durangarrak Oreka Ahula aurkeztuko du. Ukitu psikodelikoa emango diote Landako Guneari. Karteleko beteranoen txanda izango da gero: Soziedad Alkoholika. Gasteiztarrek bigarren aldia dute Durangoko elkartasun jaialdian. Hardcore eta metal doinuen ondoren, The Potes arrasatearrek folk eta rock doinuak eramango dituzte Landakora. Ostean, doinu dantzagarriak punk gogorragaz tartekatuko dira Mafalda, Tremenda Jauria, Green Valley eta Tribade taldeekin alde batetik, eta Kaleko Urdangak eta Arkada Social taldeekin bestetik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!