“Konturatzen naiz nirea ez dela 18 urteko mutil baten ohiko bizimodua”

Joseba Derteano 2020ko ots. 27a, 09:32

14 urte zituenetik, etxetik kanpora dabil Oier Ardanza (Durango, 2001) saskibaloiko promesa gaztea. La Masian hiru urte eman zituen, Bartzelonako gazteen taldeetan. Han asko luzatu zen (1,98 metro garai da), eta joko antolatzaile izatetik hegaleko jokalari izatera pasatu zen. Lesio gaizto bat gaindituta, Herbalife Gran Canaria klubera joan zen orain urte bi, eta han dabil harrezkero, talde filialean.

Gran Canariara heldu zinenean junior adina zenuen, baina nagusiekin aritu zinen EBA maila exijentean. Talde baten baino gehiagotan egokitu zaizu  adin nagusiagokoen kontra aritzea. Zer abantaila eta desabantaila ditu?
Iaz EBA mailan eta aurten Zilarrezko Ligan, jokalari beteranoak aurkitu ditugu, eta denak oso onak. Badakite zelan mugitu, gorputza zelan erabili…  Denek dute guk baino gorputz sendoagoa. Beraz, desabantaila horregaz aurkaria baino hobea zelan izan asmatzea da gure lana. Ez da erronka erraza, baina, modu horretara, askoz gehiago ikasten da.

Kirol talde guztietako filialak talentudun gaztez beteta daude. Zelan ikasten da egoa gobernatzen?
Alde horretatik, zorte handia izan dut. Etxean beti erakutsi didate umiltasunez jokatzen, besteak errespetatzen eta helburuak lortzeko asko ahalegindu beharra dagoela garbi izaten. Konturatzen naiz nirea ez dela 18 urteko mutil baten ohiko bizimodua. Urte batzuk daramatzat etxetik kanpora, sarritan goiz eta arratsalde entrenatzen naiz… Baina, bueno, kontziente naiz nire errealitateaz. Eta gurasoek asko lagundu didate hori guztia kudeatzen. Etxean erakutsi didatena aplikatzen dut.

Lehenengo taldea ACB ligan dabil eta egunotan eurekin entrenatzen zabiltza.
Bai. Goizetan eurekin eta arratsaldetan ohiko taldeagaz. Kontua da egunotan lau-bost jokalari euren selekzioekin dabiltzala. Ondorioz, jokalariak behar dituzte entrenamenduetarako, eta guri deitzen digute. Laguntzera joaten gara.

Laguntzera, bai, baina norbere burua luzitzeko aukera badago…
Jakina, lan ona egin eta entrenatzailea pozik geratzen bada, askoz hobeto. Dena dela, entrenatzaileak bestela ere jarraitzen die gure entrenamenduei.

Arlo pertsonalean, zelan doa denboraldia? Gura beste jokatzen zabiltza?
Iaz asko jokatu nuen, baina aurten ez hainbeste. Hala ere, nire adinekoak bakarrik hartzen baditut kontuan, neu naiz gehien jokatzen duena. Senior mailako lehenengo urtea da denontzat, eta ez da erraza.

Bartzelona klubean ibili zineneko zer gomuta dituzu?
Kadeteetako urte bi eta juniorretako bat eman nituen han. Oso gomuta onak ditut, lesionatu nintzen arte. Mokorreko lesio arraro bat izan nuen. Ebakuntza egin zidaten, kadetetik juniorrerako aldaketa eman behar nuen udan. Zortzi hilabete jokatu barik egon  nintzen. 17 urtegaz horrelako zerbait bizitzea gogorra da. Baina, tira, bizitzako ikasgai baten moduan hartzen dut. Denboraldi hori amaitzean joan nintzen Gran Canariara.

Joan zen udan, Europako txapelketa irabazi zenuen Espainiako selekzioagaz, eta, gainera, finalean protagonista izan zinen.
Egia esanda, txapelketan zehar ez nuen askorik jokatu. Baina, finalean, puntu gutxiko partiduan, sartu egin ninduten, eta, azken txanpan, taldearen zazpi puntuetatik sei sartu nituen. Oso momentu polita izan zen, bai.

Tabirakon eman zenituen lehenengo urratsak. Jarraitzen diozu bere ibilerari?
Bai, jakina. Aurten EBA mailan dabiltza, gainera. Lagunak ditut han. Astebururo begiratzen dut zer egin duen, edo gurasoek esaten didate, partiduak ikustera joaten dira eta. Arrebak Tabirakoren talde nagusian jokatzen du eta aita ere urte askoan izan zen Tabirakoko jokalaria. Gure kluba da, betidanik sentitu dudan taldea, eta berezia da guretzat.

Kobe Bryant-en heriotzak saskibaloi mundua astindu du oraintsu. Zure erreferenteetariko bat zen?
Erreferentea, bai, baina ez erreferente itsu bat ere. Ez dut horrelakorik. Baina inpaktu handiko albistea izan zen denontzat. Gogoan dut esan zidaten unea. Bartzelonan jokatutako partidu batetik bueltan, hegazkinean nengoen, eta aireratzera gindoazela amak mezu bat bidali zidan albistea emateko. Gezurra zela pentsatu genuen, bai nik eta baita nire taldekideek ere. Hegazkina aireratu zenean ezin genuen mugikorra erabili eta ezin izan genuen egiaztatu heldu arte. Orduan konfirmatu genuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!