Hondakin organikoen bilketa martxoaren erdialdean hasiko dute Durangon

Anboto 2020ko ots. 26a, 20:31

Martxoaren hasieran bilketa sistemaren informazioa eta edukiontzietarako txartelak bidaliko ditu Durangoko Udalak herritarren etxeetara. Horren ondoren, hondakin organikoak batzeari ekingo diote, martxoaren erdialdean

Durangoko udalbatzak osoko bilkura egin du gaur eta hondakin organikoei buruzko asmoak zeintzuk diren argitu ditu bertan Aritz Bravo EH Bilduko zinegotziak. Durangoko Udalak martxoaren erdialdean ekin gura dio hondakin organikoak batzeari. Horretarako, lehenik, zerbitzuaren gaineko informazioa eta edukiontzietan baliatu beharreko txartela helaraziko dute herritarren etxeetara.

Berrikuntzak, hiri-hondakinen bilketan

Udalak hiri-hondakinen bilketarako eta garraiorako kontratua aldatu du. Alde zaharreko bilketa zerbitzuan aldaketak egitea aurreikusten du horrekin. Batetik, alde zaharreko denda eta ostatuen hondakinak modu zehatzagoan batuko dituzte. “Kontuan hartu behar da hondakinen bi heren inguru merkataritzan sortzen dela. Bada, bilketa sistema berriak birilziklatze tasa handiagotzea ahalbidetuko du”. Behin-behinean, denda eta ostatuetan, gaikako bilketa hiru egunik behin egitea gura du udalak. Gerora, eguneroko bilketa egitea gura dute. Kamioi elektriko bat arduratuko da bilketaz. Bestalde, auzotarrei begira, edukiontziz hornitutako bost puntu mugikor ipiniko dituzte, ordutegi jakin batekin ipini eta erretiratuko direnak. 

Kontratua aldatzearen alde egin dute EH Bilduk, Herriaren Eskubideak eta PSE-EEk. Abstentziora jo du EAJk. Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak azaldu du edukiontzi mugikorren sistema “zalantzaz” ikusten dutela. “Ez gaitu konbentzitzen. Kamioien joan-etorria egongo litzateke alde zaharrean zazpi egunez. Zaratek bizilagunen deskantsuari eragingo dietelakoan gaude”, esan du. Bestalde, erabakia inon “eztabaidatu barik” hartzea egotzi dio gobernu taldeari. 

Asteburuko garbiketak

Oposizioko taldeak pasa den igandean Durangoko kaleetan egondako zabor kopuru handiez kexatu dira. Gobernu taldeak onartu du espero ez zuen jendetza hurbildu dela asteburuan Durangora, baina azpimarratu du domekan ohi baino garbiketa zerbitzu handigoa ematen bukatu zuela. 

Asteburu honetan ospatzekoa den 40 minutu rock jaialdiari begira ere, garbiketarako neurriak indartu ditu udalak. 25 komun itxi, 12 pixaleku eta komun egokitu bat ipiniko dituzte. Hondakinak biltzeko edukiontzi gehiago ipiniko dute, eta arratsalderako ere programatuko dituzte garbiketa brigaden lanak. Udaltzaingoaren patruilak egongo dira egunez zein gauez. Ertzaintzarekin ere ari dira lankidetzan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!