Elkartasun jaialdiak seigarren edizioa beteko du aurten, eta sarrera guztiak salduta, "pozik" agertu dira antolatzaileak. "Itzela da milaka lagunek elkartasunez lepo betetzea Landako", esan dute. Antolatzaileek boluntarioen lana ere nabarmendu gura izan dute; guztira, 500 lagunek baino gehiagok egiten dute lan ekimenean urtero.
Hamazazpi artista Landakon
Jaialdiak ohiko formatua berreskuratuko du seigarren edizio honetarako. 10:30ean zabalduko dituzte Landakoko ateak, eta, hortik aurrera, musikak hartuko du gunea. Tximeleta izango da lehenengo taldea, eta euren ondoren talde hauuek igoko dira oholtzara: Skakeitan, Rotten XIII, Soziedad Alkoholika, The Potes, Mafalda, Kaleko Urdangak, Tremenda Jauria, Arkada Social, Green Valley eta Tribade. Mocker´s talde durangarra ere oholtza nagusian arituko da, Oreka Ahula lana aurkezten.
Karpa txikiko protagonistak doinu "urbanoak" izango dira. Bertan, Aiala&Mudo, Belardi Rockers, Elepunto, Nikotina&Little Martin Selektah eta Klag Klub egongo dira.