Bi urte eman dituzte elkarlanean Garazi Arrizabalaga Arte eta Historia museoko zuzendariak eta Belen Bengoetxea arkeologo eta EHUko irakasleak, Historiako aretoan; Beatriz Pi arduratu da diseinuaz. "Historia bizirik dagoen zerbait dela transmititu gura dugu areto honetan" azaldu du Arrizabalagak. "Funtsean, erakusketan ikusi daitezkeen elementu asko aurretik ere ezagunak dira, baina elkarrekin lotu ditugu" jarraitu du. "Testuinguruari eman gura izan diogu garrantzia. Horrela, gu ere, norbera, historia dela erakutsi gura dugu, baita. Modu batera edo bestera, guztia dago lotuta, eta hori erakutsi gura izan dugu" gehitu du Belen Bengoetxeak. Horrela, Durangoko eta Europako historiak azaltzen dituen denbora-lerro bat ikus daiteke aretoan. Beste nobedadeetako bat, 40.eko hamarkadako irudiak erakusten dituen bideo muntaia da, Zugaza familiaren bildumakoa.
Hizkuntza inklusiboaren erabilera nabarmendu gura izan dute, baita. Horrez gainera, ikus-entzunezkoek ere lekua dute erakusketan.
Irisgarritasuna ardatz
Erakusketa inklusiboagoa egin guran, audiogida berriak egin ditu museoak, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez; QR irakurgailu bat edukitzea nahikoa izango da audiogidak deskargatzeko. Historiako aretoko gidetako testuak Bengoetxeak idatzi ditu; Arte Garaikideko testuak, ostera, Mikel Onandia EHUko irakasle eta arte kritikari durangarrak.
17.000 bisitari
Julian Rios alkateordearen berbetan, museoak 2018an baino %20 bisitari gehiago eduki zituen 2019an. "Lan onak emaitza onak dakartza". Ima Garrastatxu alkateak ere, museoaren jarduna goraipatu gura izan du. "Harro egoteko moduko lana egiten dute".