“Sarritan, gutxien itxaroten duzunean sortzen dira gehien asebetetzen zaituzten erronkak”

Joseba Derteano 2020ko ots. 8a, 12:05

Diego Sarasketa farmazialaria da ogibidez, eta abentura zalea afizioz. Esaterako, 'Imparables' telebista saioagaz munduan zehar ibili da eta muturreko lasterketetan parte hartu du mendiko bizikletagaz. Erronka bat parean agertzen bazaio, esku biekin heldu ohi dio eta horixe gertatu zaio, aurten, munduko sorospen eta salbamendu txapelketagaz.

Zelan sortu zen erronka berri hori?
Durangoko sorospen eskola daraman Gonzalo Diazek eta biok aspalditik elkar ezagutzen dugu. Bioi surf egitea gustatzen zaigu, eta horrela ezagutu genuen elkar, txikitan. Orain hile batzuk hondartzan bat egin, eta master mailako munduko salbamendu eta sorospen txapelketan parte hartzeko asmoa zuela esan zidan, eta ea animatuko nintzen. "Goazen, ba!", esan nion.

Birritan pentsatu barik?
Tira, bizitzak buelta asko ematen du, eta inprobisazioari tokia egiten diozunean gauza zoragarriak sortu ohi dira. Horixe deskrubitu dut nire bizitzan. Sarritan, gutxien itxaroten duzunean sortzen dira gehien asebetzen zaituzten erronkak eta pozik handienak ematen dizkizutenak. Imparables telebista saioagaz ere berdin gertatu zitzaidan.

Denboratxo bat joan da sare sozialetan txapelketarena iragarri zenuenetik. Zelan doaz entrenamenduak? Zoroak dira, zoratzeko modukoak!  Ni oso kirol aerobikoak eta esfortzu luzea eskatzen dutenak egiten ohituta nago. Salbamendua guztiz kirol desberdina da, oso esplosiboa. Teknika menderatzea ere garrantzitsua da; funtsezkoa, esango nuke. Egitera ohituta nengoen entrenamenduek ez dute balio, eta aldatu egin behar izan ditut. Gainera, proba mota bakoitzak bere entrenamendu propioa eskatzen du: salbatu behar duzunari zelan eutsi, soka uretara zelan bota, taulagaz uretara zelan sartu, arraunean zelan egin… gauza asko dira.

Beraz, ez da nahikoa igerian ondo jakitea.
Ez, ez. Nik igerian hamar kilometroko probak eginda ditut, baita Ironmanak edo Ultramanak ere, baina proba horietan guztietan iraupena da gakoa, eta nire burua horretara ohituta dago. Baina salbamenduan gakoa ez da iraupena, abiadura baino. Hori lortzeko, intentsitate handiko entrenamenduak egin behar dira. Bihotza ehuneko ehunean daramazu beti.

Tabira Igeriketa Taldekoekin aritzen zara zure teknika hobetzen.
Ikustekoa da taldeko gazteak zelan entrenatzen diren eta zelan dabiltzan. Maila itzela dute. Estatuan goi-goian dabiltza eta seguru nago mundu osoan ere nabarmenduko dela bat baino gehiago. Gainera, Espainiako aurtengo salbamendu txapelketa Durangon lehiatuko da, maiatzaren 30ean, Tabira Igeriketa Taldeak antolatuta. Bertan parte hartzeko asmoa dut; master mailan, jakina.

Zer helburu izango dituzu Espainiako txapelketan eta mundukoan?
Espainiako txapelketa oso test ona izango da mundukorako zeintzuk aukera ditudan ikusteko. Dena dela, argi dut irailera arte iraungo duen ikasketa prozesu batean nagoela eta pausoz pauso joan behar dudala.

Hasieran aipatu duzu 'Imparables' saioko zure parte-hartzea ezustean izan zela. Zelan izan zen?
Marokora joan ginen, Titan Desert-en parte hartzera. Lehenengo etapan, hamargarren kilometrotik aurrera, taldetxo batean joan nintzen eta hantxe zihoan Santi Millan aktorea ere, bere lagunekin. Hurrengo egunean gauza bera gertatu zen. Jakina, maila antzerakoa genuenez, talde berean batzen ginen egunero. Eta miseria gorria igarotzen zabiltzanean, berdin dio nor den ezaguna eta nor ez, enpatia bat sortzen da. Modu horretara sortu zen hartu-emana. Harrezkero, telebista saio horri eskerrak munduko toki asko ezagutzeko aukera izan dut: Hego Amerika, Zeelanda Berria, Mexiko, Costa Rica… Hego Amerikako oso gomuta onak ditut, jendeak kalean geratzen gintuen gugaz argazkiak ateratzeko. Batez ere, Santi Millan zen izarra; oso pertsona ezaguna da han.

Zein erronkari esango zenioke ezetz? Non dago zure muga?
Ez dakit, ba. Nire ustez, garrantzitsua da norbere mugak ezagutzea. Adibide bat: dudan malgutasunagatik, gehiago kostatzen zait yoga egitea distantzia luzeko proba bat amaitzea baino. Edozelan ere, nire helburua ez da mugak bilatzea. Niretzat kirola gozatzeko da, eta pentsamendu horren barruan bakoitza noraino heldu daitekeen ikustea. Dena ematen duen kirolaria gustura egon daiteke emaitza edozein dela ere. Helburu horregaz joango naiz Italiako munduko txapelketara ere. Ahalik eta ondoen prestatuko naiz hile hauetan, eta neure onena ematen ahaleginduko naiz proba guztietan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!