“Urte mordoa nabil kameralari lanetan, eta erronka berria zen niretzat websaila”

Igor Galarza 2020ko ots. 11a, 11:00

Kameralari, argazki zuzendari, editore... Jone Novok lan ugari izan zuen 'Pikuak' euskarazko websailean. Durangoko Azokan estreinatuta, proiektuari jarraipena emateko asmoa dutela adierazi du Jone Novok.

Zer istorio dakar 'Pikuak' websailak?
Hiru neska gazte dira protagonistak, pisukideak direnak, hirurak ere oso desberdinak. Bat aktibista feminista da; beste bat moderna eta hipster jarrera duena; eta hirugarrena yoga zalea, eta kanpotik jarrerarik lasaiena eduki dezakeena. Hiruren artean erlazio estua sortzen da, eta hirurak desberdinak izan arren, oso ondo konpontzen dira elkarregaz. Pisukide modernoak aplikazio baten bitartez bikotekidea aurkituko du. Ondoren, hiru neskek eztabaida bat izango dute eta casting bat antolatzeari ekingo diote, porno feministarako hautagaia aukeratzeko. Puntu komikoa du, euren hartu-emanak hortik jotzen du batzuetan.

Publikoarentzat amua izan daiteke garaikidea izatea?
Baietz esango nuke. Gaur egun bizi dugun egunerokotasuna ikusi daiteke. Gazteentzat interesgarriak diren gaiak jorratzen ditu Pikuakek, eta ezkutuan dauden gaiak ikuspuntu feministatik ikustea lagundu dezake.

Kanta sorta handia dago.
Lagundu digun beste ezaugarrietariko bat da musika. Musika estilo asko bildu ditugu eta horietariko bakoitzak istorioaren norabidean asko laguntzen du, erritmoa eta dinamismoa emanez websailari. Musika garaikidea da batez ere, istorioetako gaiek lotura izan dezaten. Taldeek bazekiten aurrekontu txikia genuela, eta prest egon dira kolaboratzeko.

Maddi Castro zuzendariak websaileko lantaldearen lana azpimarratu zuen, eta zu bertan zinen. Zelakoa izan da zuretzat beragaz lan egitea?
Urte mordoa nabil kameralari lanetan, eta erronka berria zen niretzat websaila. Maddi (Castro) lehendik ezagutzen nuen, baina ez asko. Geratzen hasi ginen, erreferentzia topatzen, zein kameragaz grabatu, eta abar. Sekulako lana izan da, eta egundoko esperientzia. Maddigaz lan egitea plazera zan da; uste dut talde ona osatu dugula.

Lan desberdinak izan dituzu. Zer izan da zailena zuretzat?
Kameralari aritu naiz, argazki zuzendari ere bai, eta grabaketen ondoren edizio lanak egin nituen. Zailena grabazio egunetan denboraz aritzea izan zen. Egun mugatu batzuk genituen grabazioak egiteko, eta eguraldiak baldintzatzen zuen sarri gure grabazioa.

Lantaldeko aurpegi printzipalak emakumeak izan zarete.
Pozgarria da, baina tristea ere bai, horretara ohituta ez gauden aldetik. Oso positiboa izan zen guretzat. Mutilak ere badira proiektuaren parte, baina gehienak emakumeak ginen. Hiru pisukideak ere emakumeak dira. Igartzen da aldea, beste giro bat da, eta nabarmentzekoa da datua. Kameralari hasi nintzenean, emakume gutxi ginen inguruan.  Orain ohituago gaude emakumeak ikustera ikus-entzunezko munduan, baina orain hamabi urte ez zen horrela. Inoiz berba egin dugu lagun artean "women power"eta abarrez, bai (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!