Emakume baten lanak biltzen dituen erakusketa batekin hasiko du 2020ko denboraldia Arte eta Historia museoak. Hain zuzen ere, María Jesús Cuetok artegintzan eginiko 40 urtetik gorako ibilbidean sorturiko obrak biltzen ditu Aztarnak denboran zehar erakusketak. "Gaur egun artista gazteei laguntza ugari eskaintzen zaizkie, eta hori ondo dago, noski, baina, zer gertatzen da ibilbide luzeko artistekin? Cuetok daraman ibilbide luze eta oparoa aitortu gura dugu erakusketa honegaz" azaldu du Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak.
1979 eta 2019 urte bitartean eginiko lanak biltzen ditu erakusketak, eta beretzako erakusketa "berezia" dela adierazi du artistak. "Ez dira egin ditudan lan guztiak, baina esanguratsuak dira niretzako. Orain arte leku bakarrean erakutsi dira horietako batzuk". Bestalde, obra horien sorkuntzak ikerketarekin izan duten harremana azpimarratu gura izan du aurkezpenean María Jesús Cuetok. Hain zuzen ere, Cueto EHUko irakaslea ere bada, Eskulturako departamentuan.
Bisita gidatuak
Ohi bezala, bisita gidatuak eskaniko ditu Durangoko Arte eta Historia museoak. Otsailaren 15ean eta 23an izango dira, 12:00etan. Bisitak doakoak izango dira, baino aurrez izena eman beharko da.