Hainbat lagun batu dira Durangon, “hizkuntza eskubideak urratu” zizkiotela salatu zuen grebalariari babesa emateko

Joseba Derteano 2020ko ots. 5a, 19:30

Durangar batek salatu du ertzainek kolpatu egin zutela eta, gainera, ez zirela gai izan berari euskaraz berba egiteko. Euskal Herrian Euskaraz taldeak deituta, hainbat lagunek egin dute protesta gaur iluntzean, Durangoko ertzain-etxearen aurrean.

Urtarrilaren 30eko greba egunean, liskar bat jazo zen pikete informatibo baten eta ertzainen artean, Durangoko Aramotz auzoan. Piketean zebilen Endika Blanco durangarrak poliziaren gehiegikeria salatu zuen sare sozialetan. Batetik, hainbat lagun kolpatu zituztela azaldu zuen, eta, bestetik, "hizkuntza eskubidea urratu" zitzaiola. Horren guztiaren harira, Euskal Herrian Euskarazek kontzentraziora deitu zuen eguazten arratsaldean Durangoko ertzain etxearen aurrean, Euskaldunoi erasorik ez! Hizkuntza eskubideak errespetatu lelopean. 

Liskarraren kronika

Blancok sare sozialetan kontatutakoaren arabera, greba egunean herri pikete informatiboekin kalean greba aldarrikatzen zebilen Aramotz auzoan, eta "armaz jositako" poliziak agertu ziren. Herri piketea "inguratu" zutela eta "arrazoirik eman barik" grebalariak bertan egotera "behartu" zituztela azaldu zuen. Poliziek hainbat lagun kolpatu zituztela azaldu zuen, tartean, bera; "amorru harrigarriz eta behin eta berriro", esan zuenez.

Gainera, Blancori identifikatzeko eskatu zioten eta prozesu horretan poliziak bere hizkuntza eskubideak urratu zituela salatu zuen: "Gaztelaniaz zuzendu zitzaidan ertzain horri euskaraz egiteko eskatu, eta, horretarako gai ez izateaz gainera, ertzain kide batek zergatik identifikatu ninduen galdetu zionean, mehatxatu egin nuela erantzun zion". 

Elkartasun mezuak

Gertaeren kontakizun publiko hori egin zuenetik, elkartasun mezu asko jaso ditu eta "oso eskertuta" dagoela adierazi du. "Sare sozialetan zein handik kanpora, lagunengandik, ezezagunengandik, lankideengandik zein ikasleengandik jasotako elkartasuna hunkigarria izan da niretzat. Jasotako berotasun horrek borrokan jarraitzeko indarra ematen du", adierazi dio ANBOTOri. Hizkuntza eskubideak ere aldarrikatu gura izan ditu. "Urraketak nonahi eta noiznahi gertatzen dira, eta oraingoan neuri egokitu zait", gaineratu du. Egoera hori konpontzeko, administrazioa "osorik" euskaldundu behar dela deritzo. "Hizkuntza politika burujabe eta erradikalak bultzatu behar ditugula uste dut", azaldu du.

Grebako egun hartan identifikatu egin zuten Blanco, baina oraingoz ez zaio heldu salaketarik edo antzerakorik. "Injustizia hutsa izango litzatekeela kontuan hartuta, ezer ez heltzea espero dut", dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!